Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

ALEMANAREN KANTA

 

Herrien bihotz saindua, aberria!

Ama lurra bezain pazientziaduna,

guztien ezezaguna, arrotzek sakonetik

zure hoberena daukaten arren.

 

Gogoeta, zure izpiritua, biltzen dute,

mahats mordoa hartu baina

erdeinatzen zaituzte, itxurarik gabeko mahastia,

lur arrasean zaudelako.

 

Jeinu altu eta larriaren herria!

Maitasunaren herria! Zurea nauzu

eta negarrez ari naiz

zeure arimaz arnegatzen duzulako.

 

Baina ezkutaezinezko ederrak dituzu,

askotan kontenplatzen zaitut

zure baratze zabalean

mendi garbiaren magalean.

 

Zure ibaietan zehar ibilia naiz

zutaz pentsatzen, sahatsetik

urretxindorra kantari eta laino

gainean eguzkia orekan zela.

 

Minervaren semeak ezagutzen dituzu?

Olibondoa berezi zuten haiek?

Oraindik bizi da gogo atenastarra,

isila, jainkozkoa, gizartean,

 

Platonen lorategiak jada berdatzen

ez den, jende umilak

heroien hautsa goldatzen duen

eta habe baten gainean

gautxoriak kantatzen duen arren.

 

Atika, baso saindua! Hain goiz

jo ote zaitu jainkoaren izpi ikaragarriak?

Animatzen zintuztenak, garrek laxatutakoak,

eterrera itzuli ote dira?

 

Udaberria bezala herriz herri

dabil jeinua. Eta gu? Gure gaztetariko

inor al da bere baitan

asmakizunik gordetzen ez duenik?

 

Ez eskarniatu, nagusi eta handi delakoan,

bere sinplezian zurezko zaldiz diharduen haurra,

o jende ona! Gu ere gara

ekintzetan eskas eta gogoetan jori!

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001