SORLEKUA
Marinela pozik itzultzen da herriko ibaira,
aberastu deneko irla urrunetarik;
ni ere joango nintzateke sorlekura
on bezainbat gaizki bildu izan banu.
Handitzen ikusi nauzuen bazterrok,
aplakatzen duzue maite mina?
Nire gaztaroko oihanok,
bakea agintzen didazue berriro?
Uhinen solasa errekan ikusita,
ontziak dauzkan ibaia
ikusiko dut aurki; baila zuek, mendiak,
lehen babestu ninduzuenok.
Sortetxeko muga seguru eta ohoretsuak,
senideen besarkatzaile amultsuak,
agurtuko zaituzte aurki eta inguratuko duzue
nire bihotza, bendatan bezala, senda dadin.
Beti fidelak! Baina badakit, badakit,
amodiozko eria ez dela hain agudo sendatzen,
hilkorren sehaska kantak ez du
nire bihotzeko pena kontsolatuko.
Zeruko sua ematen diguten jainkoak
min sakratuaren emaileak dira.
Bego, beraz. Lurreko semea
dirudit, maitatzeko egina, sufritzeko.