UMORE ALDAKORREKOAK
Kexatzen naizenean, lauteak eta kantuak
urrundik entzunda, bihotza isiltzen zait;
segituan aldatzen naiz
zure distira, ardo gorria, ikustean.
Baso itzalean, eguerdiko eguzkiak
ostartean izpiak bidalita,
berdin lasaitzen naiz
ofentsa gogorraz errabiatu ondoren,
landetan barrena ibiliz. Natura! Zure poetak
haserretzen dira gogotik, aise tristatu eta negar egin,
zoriontsu horiek; amak sobera mimatu
haurren antzera,
mainontziak eta kapritxosoak dira;
bidean isilik joanda, txikienak
traba egiten die; desbideratu
eta zure kontra jartzen dira.
Baina zuk doi amultsuki ukitu, maitea!
Lasai eta kontent daude, obedienteak!
Gidatzen dituzu, erregina!
nahi duzunera, korda laxoan.