![]()
|
Poemak
GIZAKIA
Doi agertzen ziren uretarik, o lurra, mendi gazteen kaskoa eta, baso beti berdez beterik, ozeanoko desertu grisean, lurruntzen ziren
lehen irla xarmantek. Pozik ikusten zituen jainkoaren semearen begiak zugandik sortu berri ziren landareak, haur irribarretsuak.
Irletarik ederrenean, aireak bere basoak bake goxoan edukita, adarpean etzanda zegoen egunsentian jaiotako
zure semeetarik ederrena, ama lurra. Eta aita Heliosi buruz begira, haurra jaiki eta, mahats goxoa dastatuz,
janarirako hautatu zuen. Agudo handiturik, animaliak beldurtzen ditu, gizakia ez baita haien parekoa, ezta gurasoak bezala; aita amaren
nahasmendu bitxia da: aitaren gogo noblea, amaren atsegina eta mina; eta ama handia, natura, bezalakoa izan nahi luke!
Ai! Horregatik urruntzen zaizu, lurra! Alferrik dira zure erregaluak eta lotura finak: hoberik nahi du, basa horrek!
Belardiko bazterretarik urrun, lorerik gabeko uretara doa gizakia bere basoa fruituz josita bada ere, gaua izarrez dagoen bezala,
leizeetan sartzen da, barrenean, airearen argitik urrun, jainko eguzkiari fidela izan gabe, ez du esklabutzarik ezta kezkarik nahi.
Basoko txoriek libre badute arnasa, baina giza bularra harroago goratzen da. Etorkizun iluna dakusa eta Herioa; eta beldur dio.
Arnasten den guztiaren kontrako armak hartzen ditu harroki gizakiak; gatazkatan higatzen da eta bakeko lorea aurki zimeltzen zaio.
Ez al da bizikide guztietan zoriontsuena? baina patu guzti berdintzaileak sakon eta urragarriago hartzen du sendoaren bular izekigarria.
Poemak |