Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

NIRE JABEGOA

 

Udazken eguna geldi bere betean,

garbiago mahats mordoa, fruituek

gorritutako basoa, nahiz lore xarmantak

lurrari esker erori diren.

 

Bazterrik bazter, nire bide ertzean,

uzta ondu da eta aberastasunak

lan asko eragiten die

zoriontsu eta baketsuei.

 

Zerutik irribarrezka ari da

lanpetuentzat, argia,

pozean parte hartuz ere, fruitua

ez baita soilik giza eskuei esker.

 

Urrezko hori, niretzat distiratzen zara?

Haizeño hori, niretzat ari zara,

poz bat benedikatuz, lehen bezala,

ibilki, zoriontsuetan bezala, bularrean zehar?

 

Halako bat nintzen, baina bizi ona,

arrosak bezala, laburra zen, ai,

eta loratzen zaizkidanak, izarrak,

horren oroigarri dira.

 

Zoriona, emakume on bat maitatuz,

sorleku ohoretsuan, bere sutondoan, bizi dena.

Zola seguruaren gainean,

Zeruak argitzen du gizon segurua.

 

Errotik ateratako landarea bezala,

hilkorraren arima zimeltzen da,

eguneko argiarekin batean

lur sainduan barrena dabilena.

 

Ai! Zuek, zeruko altura boteretsuok,

fuerteegi tiratzen nauzue; ekaitz eta egun garbietan

bihotzean tiraka sentitzen zaituztet,

aldatzen, zuek, jainkozko indar ibiltariak.

 

Baina gaur banoa neure bidetik

hil zorian diren adar puntek urreztaturiko baso aldera,

koroa iezadazue kopeta niri ere

zuek, oroipen delizioso horiek!

 

Eta nire bihotz hilkorrak,

besteek bezala, pausalekua izan dezan

eta nire aberririk gabeko gogoak

bizigandik urruntzeko desira ez dezan,

 

izan zaitez zu, poesia, nire aterbea!

Nire ardura amultsupean

izan zaitez ni ibilitako

lorategi lasai beti gaztea,

 

otzan biziko naizenekoa, kanpoan

denbora ahaltsuak bere hotsak

urrunera hedatu eta eguzki isilak

nire lanak ontzen dituen artean.

 

Zeruko indarrok, hilkorrei beren jabegoa

benedikatzen diezuenok,

benedika ezazue nirea ere

eta Parka goizegiak ez dezala ametsa akabatu.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001