Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

HERRIAK LOTAN

 

Herriak erdi lotan zeundela, patua

arduratu zen loak ez hartzeaz, eta etorri zen

naturaren seme bazterrezina,

ikaragarria, kezkaren izpiritu zaharra.

Mugitu zen, lurreko bihotzean

izekitako sua bezala, frutondo onduak

bezala astindu zituen hiriak, mendiak

arraildu, haritzak eta harkaitzak irentsiz.

Eta armadak sumindu ziren, itsaso irakina bezala

eta itsas jainko batek bezala, izpiritu handiek

agindu zuten nahasmendu handian

(bost udatan bizi handiak piztu zuen

etengabeko ekaitza gure artean)

guda zelaietan odola arraka zebilen,

nahi eta giza indar guztiek

aplakatu egin zuten; tximista izugarri bat

Rhin ibaitik Tiberreraino

osatzen zuten guda amaiezina,

ordena basa nagusitzen zelarik.

Orain libratzen den joko ausarta,

patu boteretsuak hilkor guztiekin egiten duena.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001