![]()
|
Poemak
AISIA
Axolarik ezean erdi lotan bihotza, atseden dute gogo hertsiek. Zelaitik noa, belarra errotik hazten da iturria bezain freskoa eta oreen ezpain maiteak irekitzen zaizkit isilik beren arnasa aireratuz. Mila adarretan, izekitako argizagietan bezala, bizi gar txikiak distiran, lore gorritxoak, arrainak mugitzen diren ur eguzkitsuen parean, ainara eta bere txitak dauden kabipean, tximeletak eta liztorrak alaitzen direnekoan... poz horren erditik noa, landa baketsuan barrena, zumarra bezalako bat izanez, mahastiaren ordez, bizitzaren atsegin goxoak estekatzen zaizkidala.
Edo mendiari hegira nago, lainoek kaskoa koroatzen dutela eta haizearen zalantzak bere sorbalda indartsuetan naramala, airerik arinenak zentzu guztiak xarmatzen dizkidanean eta haran amaigabea, kolorezko hodei bat bezala, gainean denean, arrano bihurtu eta lurretik laxa eginda, naturaren osotasunean bizilekuz aldatzen dut nomadek bezala.
Eta orain bide xidor batek biltzen nau giza bizitzara. Urrunean, hiria ilunduz doa, ekaitzetako jainkoaren eta gizakien kontra egindako armadura zahar bezala. Maiestatikoki hegira dago, inguruan, ilunabarrean, herrixkak, teilatu gorriak, etxeetako kea, ondo mugaturiko baratzeak eta alor landuetan geldi dagoen orga.
Baina ilargi betean jaikitzen dira habe hautsiak eta lehen izuak jotako tenpluetako atariak, hura, kaoseko jeinua, lurraren eta gizakien bularrean errabiatzen da, hezi gabea, inbasore zaharra. Hiriak akabatzen ditu bildotsak bezala, Olinpoan egondakoa, mendietan mugitu eta garrak botatzen dituena, oihanak larrutu eta ozeanoa nahasi egiten duena, eta ontziak puskatu, baina betiereko ordenaren kontra ez zaitu joanarazi, ez du deus ezabatu legeen taulan, zure semea, o natura, baita, bakearen izpirituarekin, altzo beretik sortua.
Gero, etxean, leiho inguruan, zuhaitzak, airea eta argia nirekin jostetan, giza bizitzez zerbait irakurri ondoren: Bizia! Munduko bizia! Baso sakratu bat bezala zaude, har beza aizkora zu berdindu nahi duenak, zoriontsua, ni zure baitan...
Poemak |