Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

MAITASUNA

 

Ahaztu lagunak, ondoko guztiak baita poetak ere,

iraindu, o eskertxarreko horiek,

Jainkoak barka diezazuela, baina

errespetatu maitaleen arima.

 

Esan, bestela, non bizi da giza bizitza,

kezka esklabutzaileak guztiak zamatzen baditu?

Horregatik Jainkoa gure buru gainetik

pasa da aspaldi axolagabeki.

 

Baina, beti bezala, urtea luze eta kanturik gabea bada,

behar den aroan, landa zurian,

sortzen dira kimu berdeak,

txori bakartia kantari dela,

 

basoa ernatuz doanean, erreka mugitzen,

aire goxoak eguerdia epeltzen,

behar den orduan,

aro ederragoaren mezulari.

 

Sinesten dugu zola basa eta zekenetik

maitasuna hazten dela, bakarrik

eta aski, Jainkoaren alaba,

harena soilik.

 

Benedika zaitezten landare zerutiarrak

kantuekin zaintzen ditudanak,

eterrezko nektarrekin bazkatuak,

izpi sortzaileak ondutakoak.

 

Handitu eta baso bilakatu! Mundu

beteago bat! Maitaleen hizkuntza

izan zaitez herri hizkuntza,

zure arima jendeen oihua!

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001