BEHEITI ZAITEZ, EGUZKI EDERRA
Beheiti zaitez, eguzki ederra, kasu gutxi
egiten dizute, ezta ezagutu ere, o saindua,
esfortzurik gabe eta isilik
lanpetuen gainetik pasatu zara.
Lagun gisa zoaz, niretzat, goiti eta beheiti, o argia!
Eta nire begiak ezagutzen zaitu, nagusia!
Diotimak gogoa sendatu zidanetik
jainkozkoa isilik ohoratzen ikasi dut.
Zeruko mezularia! Nola entzuten nizun
Diotima, zuri, maitea! Nola begiratzen nizun
urrezko egunean, eskerronez
eta argiz beterik. Bizikiago
mintzatzen ziren iturriak, lur iluneko
loreek arnas maitagarria botatzen zidaten,
eta irribarrez, zilarrezko hodei gainean,
eterra guri buruz makurtzen zen, benedikatzen.