![]()
|
Poemak
NATURARI
Zure estalkiarekin jolasten nuenean, lore bat bezala zuri atxikia egonda, zure bihotza sentitzen nuen neure bihotz hauskorra inguratutako hots bakoitzean, zure irudiaren aurrean nengoen, zu bezala, sinesmen eta desioz blai, leku bat neure malkoetarako, mundu bat neure amodiorako aurkitu nuen;
Eguzki aldera nire bihotza itzultzen zenean, hark honen ahotsa aditu balu bezala, eta izarretan anaiak ezagutzen zituenean baita udaberrian jainkoaren melodia... hesia mugiarazitako arnasan zure izpiritua, pozaren izpiritua bera, ari zen bihotzaren uhin isiletan: o, urrezko egunek inguratzen ninduten.
Iturriak freskatzen nindueneko haranean, landare gazteen berdea harkaitz isilean jostatzen ari zela, eterra adar artean ageriz, lore azpian murgilduta, haien urrinaz isilik mozkortzen nintzen eta zerutik urrezko lainoa jaitsi zitzaidan, argia eta distiraz inguraturik; landa gorrian zehar nindoala zintzur ilunetik zetorren erreken kantu erraldoia eta hodeien gauak besarkatzen ninduen, ekaitza bere haize boladekin nire gainetik mendian barrena zihoan eta zeruko garrak aldez alde nituelarik orduan agertu zinen, naturaren arima!
Askotan, amodiozko malkoez horditurik galtzen nintzen, luzez ibilitako ibaiek ozeanoan desegin nahi duten bezala, zure ugarian, mundu ederra! Ai! Bertara erortzen naiz izaki guztiekin denboraren bakardadetik, aitaren jauregira itzulitako erromesa bezala, amaigabearen besoetara.
Benedika zaitezen, bizitzaren miseria ezkutatzen zenidaten urrezko haur ametsok! Sortu dituzue bihotzaren kimu onak, lortuko ez dudana eman zenidaten! O natura! Lanik, bortxarik gabe, garatu ziren zure ederraren argian maitasunaren erregezko fruituak, Arkadian uztak bezala.
Hilda, hazi eta zaindu ninduena, hilda, gaztaroko mundua. Bular hall, zeru batek bete zuena, hilda eta idorra, lastoa bezala. Ai! Udaberriak erantzun dio nire penari lehen bezalako kantu kontsolagarri bat, baina joan da nire bizitzaren goiza, bihotzaren udaberria zimeldu da.
Beti baraurik behar du maitasunik amultsuenak. Maite duguna itzal hutsa da. Gaztaroko urrezko ametsak hilak, hil zen niretzat natura adiskidea. Egun alaietan ez zenekien aberria hain urrun zaizula, bihotz gaixoa, inoiz ez duzu aurkituko, aski izango ahal zaizu harekiko ametsa.
Poemak |