Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

ARBASOAREN IRUDIA

 

Aita zaharra! Lehen bezala dirudizu,

hilkorren artean egonda,

baina lasaiago eta,

sainduen bezala, baketsuago,

 

umeak deitzen zaituen etxean, aita!

Zure aurrean jostetan denekoan,

bildotsak zelaietan bezala,

tapiz berdean, amak

 

utzitakoan. Bazterretik,

ikusten du berak, mintzoaz miretsia

baita adimen gazteaz

eta begi argitsuez.

 

Oroitzen joandako denboraz,

maiatzeko aireaz,

nobioetako aroaz,

harroa umiltzen denekoaz.

 

Baina antzaldatu da,

lehen baino seguruago,

dobleki maitatuz,

eguneroko lanaren aurrean.

 

Aita isila! Bizi zinen eta maitatu,

horregatik bizi zara hilezina,

haur artean, eta bizia,

eter isiletik bezala, dator

askotan etxera, gizon baketsua! zugandik

eta handitzen da, nobletuz, urterik urte,

zorion umilean,

esperantzaz landatu zenuena.

 

Zure arbolak, begira, berdatzen dira

zuretzat, etxea, lehen bezala, besarkatuz,

eskerronez beteak;

enborrak seguruaro zutitzen dira

 

eta mendiz bestaldean, lur

eguzkitsua prestatu zenuenekoan,

balantzaka dituzu mahastiak,

mordo gorriz beterik.

 

Baina, beheitian, etxean,

zure ardurako ardoa, semeak preziatutakoa,

bestarako zaharrak

gorde zuenekoa.

 

Afarian, atseginez eta seriotasunez,

joandakoaz eta etorkizunaz

lagunekin mintzatu ondoren,

oraindik azken kantaren durundan,

 

ontzia goratzen du, zure irudiari begira, eta dio:

zu gogoan zaitugula, izan eta geldi

daitezen zure ohorez etxeko

jeinu onak, orain eta gero!

 

Eta kristalek darauntsate eskerronean

eta amak, lehen aldiz,

haurrari bere edaritik ematen dio,

besta dela jakin dezan.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001