Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

HEILDELBERG

 

Aspaldi maite zaitut eta nahi nizuke

ama deitu eta arterik gabeko kantu bat eskaini,

o zu, aberriko hirietan, ikusi dudan

landako hiririk ederrena.

 

Basoko txoriak mendi kaskoak gainditu bezala

zubia zalantzan da korrontearen gain,

arin eta sendo,

kotxe eta jende hotsen oihartzun.

 

Jainkoek bidali bezala, mirari batek

estekatu ninduen zubi gainean

mendiak eta bazterrak

ikuskatzen nituenekoan.

 

Eta korronte gaztea zelai aldera zihoan,

triste alai, amodioan hiltzeko,

denborako errekara bere burua

botatzen duen bihotza.

 

Iturriak eman zenizkion iheslariari

eta itzal freskoak, ertzeak berari begira

zeundela, olatuetan

bere irudiak dardara eginda.

 

Baina haranari buruz astuna zirudien

patuak jotako gaztelu erraldoiak

erroraino ekaitzek arraildutakoa;

baina betiereko eguzkiak

 

argi gaztegarria isurtzen zuen

huntzak berde bizigarria emandako

eraikuntza handira, baso lagunek

beren murmurioez inguratuta.

 

Zuhaixkak maldan, haran lasairaino,

muinoetan edo ertzeei hegira,

zure kale estuak luzatzen

lorategi urrintsuetan barrena.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001