Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

KEMEN POETIKOA

 

Ez ote zara bizidun guztien ahaidea?

Parkak ez zaitu beretzat bazkatzen?

Horregatik! Armarik eta beldurrik gabe

zoaz bizitzan zehar eta ez kezkatu!

 

Benedika dadila pasatzen zaizuna,

izan pozerako prest! Edo zerk

ofendatzen ahal zaitu, bihotza,

zer aurkitzen ahal duzu bidean?

 

Igerilaria bezala, ertzean lasai,

berdin korronte bortitzean,

baita ur sakonen mugimenduan,

halaxe gara gu.

 

Herri poetok, bizidunekin

gabiltza, pozez, denen lagunak,

denekin fidatuz; nola kantatuko genuke,

bestela, bakoitzaren jainkoari?

 

Olatuak norbait eramaten badu

fidatzen zitzaion bat,

eta kantariaren ahotsa

isiltzen bada ganga urdinean,

 

pozez hiltzen da eta baso

bakartiek negar egiten diote

maitearen erorketari

amodiozko kantu batean.

Arratsean gutariko bat pasatzen bada

anaia eroritako lekutik, gogoratzen

da bertako abisuagatik,

isiltzen da eta badoa sendaturik.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001