Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

NECKAR IBAIA

 

Zure haranetan ernatu zen nire bihotza

bizitzarako, zure olatuak inguruan neuzkala

eta ezagutzen zaituzten mendixketarik

ezein ez zait ezezaguna, o ibiltaria!

 

Kasko horietan zeruko aireak

laxatu zizkidan minak eta haranetik

biziak, pozezko ontzitik bezala,

zilarrezko uhina distiran du.

 

Mendiko iturriak zuregana doaz

haiekin batean nire bihotza, hartzen gaituzu

Rhin maiestatikoaren aldera, honen

hiri eta irla irribarretsuetan zehar.

 

Mundua agertzen zait eder eta lurreko

xarmei begiratzen diet, urrezko Paktolo

desiratuz, Esmirnako kostaldea,

Iliongo baso aldera. Askotan

 

Sunio kostaldean lurreratu nahi nuke

eta zure habeei, Olinpeion, galdetu.

Han, iparreko korronteak

Atenasko tenpluko eta hango

 

jainko irudien erruinetan ehortzi aurrean;

aspaldi zaude bakarrik, o jada ez den

mundu baten urguilua! Eta zuek

Joniako irlak itsas haizeak

 

hondartza beroak freskatzen dituenekoa,

mahastia eguzki indartsupean ontzen,

ai! urrezko udazken batek herri xumearen

hasperena kantu bihurtzen,

 

granadoa ontzean, gau berdetik

laranjondoak txinpart egin, lentiskoa

perlazko izerditan dela, atabalak eta zitarak

labirintozko dantzarako jotzen dute.

 

Inoiz eramango nau zuengana, irlak,

neure babeseko jainkoak; baina

nire zentzu fidelak ez ditu ahaztuko

Neckar, bere belardi eta ertzeko sahatsak.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001