ARRATSEKO FANTASIA
Etxola aurrean, itzalpean, lasai eserita
nekazaria, bere sutondotik kea goititzen dela.
Herri baketsuan, arratseko kanpaiak
ibiltaria agurtzen du abegikor.
Ontziak ere itzuliko dira kaira
eta urrutiko hirietan merkatuko hotsa
apaltzen da; adarpe isilean
lagunen afaria mahaian.
Nora noa? Hilkorrak bizi dira
soldata eta lanetik; neke eta atsedenaren txandan,
guztiak kontent dira; zergatik ez du inoiz
nire bularreko arantza loak hartzen?
Arratseko zeruan udaberri bat;
arrosa kontaezinak eta lasai dirudien
urrezko mundua. O, eramanazue
purpurazko hodeiak eta goian,
argi eta airetan, desegin daitezen amodio eta pena!
Baina otoitz zoroak hasertu balu bezala, badoa
miresgarria; iluntzen du eta bakarrik
zeru azpian, beti bezala, ni.
Zatoz, lo goxoa! Sobera desio
bihotzean; baina, o gaztaroa, ahituko zara,
ezinegona, ameskorra.
Bake eta lasaia orduan zahartzaroa.