![]()
|
Poemak
ETERRARI
Zuk bezain fidel eta amultsuki, jainko eta gizakietarik inork ez nau zaindu, amak berak besoetan hartu eta titia eman aurrean goxoki hartu ninduzun eta zeruko edaria eman, arnas sainduarekin batean, lehena, bular sortu berrian.
Lurreko bazkak ez ditu izakiak hazten, baina zuk guztiak bazkatzen dituzu zeure nektarrekin, o aita! Zure betiereko betetasunetik aire bizigarria jalgi eta biziaren zain guztietan barrena doa, horregatik maite zaituzte izakiek, etengabe joaki zuregana, pozez handituz.
Zerutiarra! bere begiz ez ote zaitu landareak bilatzen? Sasi apalak ez ote ditu bere beso umilak zure aldera hedatzen? Zu aurkitzeko hausten du hazi presoak bere azala; zuk animaturiko basoak, zuregan bainatzeko, elurra botatzen du, soberazko jantzi bat bezala. Arrainak ere kanporatzen dira jauzika
errekaren azal distiratsutik, nahi balute bezala sehaskatik atera zuregana; lurreko animalia nobleak hegaldatzen dira nahimen bortitzak, amodio sekretuak, zuregana erakarritakoak.
Zaldiak erdeinatzen du lurra, altzairu makurtuaren antzera bere lepoak gorantz nahi du, doi ukitzen du legarra bere hankak; haizeño bat bezala jauzi batez bestaldatu egiten da beheiti doan erreka apartsuaren gainetik, zuhaixken artean, kasik jada ikusezin.
Baina eterraren faboritoak, txoriak bizi egiten dira solasean aitaren betiereko jauregian. Alderik aski baita denentzat. Inork ez du bidexka markaturik, etxean sueltoki dabiltza handiak eta txikiak. Buruz gain aditzen ditut, bihotzak haiengana nahi duela,
sorleku abegikor batera bezala goiti eta goiti, Alpeetako kaskoetan gaindi alde egin nahi nuke eta handik arrano azkarrari eskatu, beronek utzi baitzuen Zeusen besoetan haut zoriontsua, presondegitik eterraren jauregira eramatea.
Zoroki gabiltza hemendik horra, zerurako gidatzen zuen zutoirik gabeko mahasti kimuen antzera, zolan barrena hedatzen gara, bila eta eske lurreko eskualdeetan zehar, o aita eter! Alferrik; aireak erakartzen gaituelako zure lorategirantz.
Itsasoko olatuetara geure burua bota, landa zabalagoetan geure antsia berdintzeko, eta uhin amaigabeak inguratzen du gure txalupa, bihotza pozten da itsas jainkoaren indarraz. Baina ezer ez zaigu aski, ozeano sakonagoak deitzen gaitu olatu finagoa den lekura... O! Ahal bagenu ontzi ibiltaria goitirantz, urrezko kostaldera, eraman!
Baina, zure uhin urdinxkarekin ertze ezezagunak biltzen dituzun urruneko landetara desiratzen dudanean, hara nigana zatozela frutondoen kasko loretsuetarik, aita eter! Bihotz nahasia aplakatzen didazu eta gogotik bizi naiz orain, lehen bezala, lurreko loreekin.
Poemak |