![]()
|
Poemak
OROIPENA
Ipar haizeak jotzen du, haizeen artean maiteena zait, marinelei izpiritu sutsua eta nabigazio ona agintzen baitie. Zoaz eta agurtu Garona ederra eta Bordeleko lorategiak, ertze zorrotzetan, erreka korrontean erortzen denekoan, haritza eta lertxuna bikotearen azpian.
Oroitzen naiz zumarren adar zabalduriaz errota gainean, baina kortan piku bat zegoen. Besta egunetan, emazteki morenoak haren pean daude, martxo aldean, eguna eta gaua berdin direla. Eta xenda luzeetan, urrezko ametsez kargatuak, sehaska kantuen aireak.
Eman bekit, berriz, argi ilunez beteriko ontzi urrintsua, atsedena nuke; goxo baita itzalpeko kuluxka. Ez da ona arima gogoeta hilkorretan pausatzea. Goxo, berriz, solasean, bihotz ustea esatea eta maite egunez aditzea, baita orduan egindakoaz.
Non dira lagunak? Bellarmino eta besteak? Batzuk ez ausartzen iturrira joaten; aberastasuna itsasoan hasten delako. Pintoreek bezala, biltzen dute lurreko ederrak, gerra erdeinatu gabe, ezta urteetan bakarrik egotea, hostorik gabeko mastilpean, hiriko bestarik eta sorlekuko dantzarik gabeko gauetan.
Baina orain Indietara abiatu dira gizonak, hor, punta airetsuan, Dordoina jautsi eta Garona bikainarekin biltzen denekoan. Baina itsasoak memoria eman eta kentzen du eta amodioak ere tinko begiratzen dio. Gelditzen dena poetek finkatzen dute.
Poemak |