Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

GAZTEAK AHOLKULARI JAKINTSUEI

 

Lasaitu? Sutsuki goi, edertasun aldera

nahi duen maitasuna menperatu behar dut?

Bizirik egonda, zuek gogotik ehorzten gaituzuen

hilobian kantatuko dut neure zisne kanta?

Barka otoi! Beti antsiatua,

biziaren olatu freskoak

ohe estuan egon behar du

sortu zen itsasoan atseden izan arte.

 

Mahastiak erdeinatzen ditu haran freskoak,

Hesperiako lorategi zoriontsuek

urrezko fruituak dakartzate azkona bezala

lurrean sartzen den izpi beroan.

Zer axola zuei nire gogoko sua,

brontzezko adinean izekitzen ari dena?

Zergatik kendu nahi didazue, zuek bigunok,

soilik borrokan bizi den nire suzko elementua?

 

Bizia ez da Herioarentzat hautetsia,

ezta loarentzat sutan gauzkan jainkoa,

ezta uztarrirako nagusia,

eterretik sortutako jenioa

beheiti dator, bainuan bezala

mendeko errekan pulunpatuz eta naiadeak

igerilaria hartzen du istant batean,

baina hark berriro goratzen du buru distiratsua.

 

Utzi handia beheititzen daukazuen plazera!

Zoazte eta ez mintzatu zeuen zorionaz!

Ez landatu zedrorik zeuen mazetetan!

Ez hartu jeniorik zeuen soldatazko beharrean!

Ez saiatu eguzki martxa trabatzen!

Utzi izarrak beren ibilbidean!

Ez niri ez aholkatu lasaitzeko,

ez egin nigandik esklabu bat!

 

Ederra ezin baduzue jasan,

egiozue gerra, indarka eta ekintzez!

Lehen, mistikoa gurutzefikatzen zen,

gaur erailtzen da aholku zuhurretan.

Zenbat apaldu dituzue

ezinbestean! Zenbat aldiz hondartzan

geldiarazi duzue ekialde berora

nahi zuen lemazain itxaropentsua!

 

Alferrik! Aro idor honek ez nau gelditzen,

hire mendea zama egiten zait,

biziaren landa berdeetara nahi dut iritsi

eta entusiasmoaren zerura.

Ehortzi, hildako zaretenok, bakarrik zeuen hildakoak!

Baloratu giza ekintza eta irain nazazue,

hala ere nigan, neure bihotzak desiratu bezala,

ontzen da natura ederra eta bizia.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001