Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

IBAI KATEATUA

 

Zer zaude lotan eta ametsetan, gazte hori,

zure baitaratua, ertze hotzean?

Ez zara oroitzen zeure jatorriaz, ozeanoaren semea,

Titanen lagunarena!

 

Aitak bidalitako maite mezuak,

aire bizigarriak, ez dituzu jada ezagutzen?

Goitik aitak igorritako hitzak

ez al duzu aditzen?

 

Hots, hots egiten du bere bihotzak,

harkaitzen kontra jotzen zuen bezala,

bere indarra gogoratzen zaio,

abiatzen da berriro,

 

lehengo kateei burla eginez,

hausten eta puskatzen ditu,

jostetan badoa ertzeetan barrena

eta jainkoen semearen

 

ahotsa mendiak iratzartzen ditu,

basoak ernatzen dira, amildegiak

entzuten du urruneko deia,

poza itzultzen da lurrera.

 

Udaberria dator, berdea dakarrela,

baina bera badoa hilezinengana;

non ezin da pausatu

baizik eta aitaren besoetan.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001