![]()
|
Poemak
DIOTIMA
Aspaldi hila eta sakonki itxita, diosala bihotzak mundu ederra, bere adarrak umatzen dira bizi indar berriaz piztuta. O, itzuliko naiz bizira, nire loreen nahia, azal idorra hautsita, aire eta argira jalgi bezala.
Nola aldatu den! Gorrotatu eta erdeinatu nuenak akorde atseginetan darauntsa nire bizitzaren kantuan eta orduak jo bakoitzean haurtzaroko urrezko egunetara narama miresgarri, bakar hau aurkitu nuenetik.
Diotima, izaki benedikatua! Bikaina! Zuri esker, bizi antsiak jotako nire bihotzak bere buruari jainkozko gaztetasuna agintzen dio! Gure zeruak iraungo du! Hondar gabean estekaturik, gure sakonenek elkar ezagutu zuten guk elkar ikusi aurrean.
Haur ametsetan nengoela, egun urdina bezala, neure baratzeko zuhaitz azpian lur epelean etzanda, eta bihotzeko maiatza hasi zen aire arin ederrean, Diotimaren izpiritua murmurioz ari zitzaidan, zefiroaren gisan.
Ai! Leienda bat bezala, edertasuna ezabatu zitzaidanean, zeruko argitik kanporatua itsu bat bezala nengoen. Denboraren zamak makurtzen ninduen eta nire bizitza hotz eta zurbilak nahi zituen jada erreinu mutuko itzalak.
Orduan, idealetik zetozen, zerutik bezala, adorea eta boterea; agertu zinen zeure izpiekin, jainkozko irudia, nire gauean! Zu aurkitzean, berriro bota nuen neure ontzi lokartua kai mututik berriro ozeano urdinera.
Orain aurkitu zaitut, amodiozko besta orduetan irudiz uste nuen baino ederragoa Noble, ona! Hor zaude. Ai, fantasiaren eskasa! Zeure eredua zuk bakarrik dagizu betiereko armonian, perfekzionez beteriko natura!
Dohatsuak hor goian bezala pozaren aterbean, existentziatik libre, edertasun geldian, Urania melodiosa kaosen erdian bezala, bera dago, jainkozko eta garbi, denboraren hondamenean.
Mila omenaldi artean, nire gogo lotsati garaituak hartu nahi du bere pentsamendurik ausartenak gainditzen dituena. Eguzkiko sua eta udaberriko goxoa, gatazka eta bakea, nahasten dira nire bihotz zolan, aingeru irudi ederren aurrean.
Bihotz malko sakratuak isuri ditut haren aurrean, bizi soinu guztiekin xarmantarekin kantari, bihotz sakonean zaurituta erruki eske aritu naiz, haren zerua agertu zaidanean hain garbi eta saindu.
Isiltasun jorian, begirada eta hitz bakarrean, haren bakea eta betetasuna adierazten dizkidanean, entusiasmatzen nauen jainkoak haren kopetan agertzen denean, miresmenak jota, aitortu egin dut, airaturik, neure ezereza.
Orduan, haren izaki zerutiarrak besarkatzen nau haur jostetan eta miresgarri horretan laxatzen dira nire loturak. Desagertzen da nire esfortzu antsiatua, nire borrokaren azken arrastoa, natura hilkorra iristen da jainkozko bizi osora.
Lurreko ezein boterek Jainkoaren ezein aginduk ez gaitu bereizten, bat eta dena garenekoan, hor da nire elementua. Beharra eta denbora ahazten dugunekoan eta irabazte eskasa epeka neurtzen ez dugunekoan, hor, hor badakit nerau naizela.
Tindarideen izarra bere maiestate argitsuan bere bidetik, gu bezala, kontent, hor, altura ilunean, doa, itsas olatuan, bake ederrak keinua dagi zeruko sabaitik beheiti luze eta distiratsu, jaitsiz.
O entusiasmoa, hala gaude zure baitan hilobi sainduan, zure uhinetan sakonki poz isilean hondoratzen gara, deia aditu arte eta indarberriturik jaikita izarrak bezala itzuliko biziaren gau laburrean.
Poemak |