Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

NIRE AMONA AGURGARRIARI
BERE HIRUROGEITAMARGARREN
URTEBETETZEAN

 

Asko bizi zara, ama maitea! Orain zorioneko atsedena duzu;

urrun eta hurbilekoek zure izena amultsuki aipatutakoan.

Niretzat ere agurgarria dirudizu adinaren zilarrezko

koroapean,

ontzen, handitzen eta loratzen diren haurren artean.

Arima goxoak luzez biziarazi zaitu

eta sufrikariotan izandako esperantza gidariak.

Kontent eta jainkokoia baitzara, gizakirik hoberenaz,

gure munduaren lagunaz erdi zen ama bezala.

Ai! Ez dakite altua hodeietan barrena dabilela

kasik ahaztuta bizirik zer zen.

Gutxik ezagutzen du oraindik eta haren irudiak

ekaitzetako aroan garbitzen du zerua.

Guztiak barkatuta, isilik, hilkor gaixoekin Joan zen

izpirituzko jainkozkoa zen gizon hura.

Haren arima ez zen bizitako inorentzat itxia,

munduko mina zekarren bihotz erdian.

Heriorekin adiskidetu zen, besteen izenean,

min eta doloretik abiatu zen garaile aitari buruz.

Zuk ere ezagutzen duzu, ama maitea, eta bazoaz

sinesle, otzan eta isil, eredu horren aldera.

Begira! Haurrezko hitz hauek gaztetu egin naute

eta lehen bezala malkoak begietan ditut;

eta berriro gogoan ditut aspaldi joandako egunak,

eta aberriaz pozten zait nire bihotz bakartia,

eta zure benedikaziopean hazi nintzeneko etxeaz,

bertan, amodioz bazkatuta, azkarrago handitu zen haurra.

Ai! Askotan uste nuen poztuko zinela nigatik,

etorkizunean, mundu zabalean, neure burua ikustean.

Zerbait saiatu eta nola higatzen zaidan bihotza,

baina zuk sendatuko duzu, eta zu bezala

luzez bizitzen ikasiko dut; zahartzaroa bake

eta zintzotasuna izanez, benedika ezazu

berriko biloba han, gizonak bete egin dezan

haurtzaroan zuretzat agindutakoa.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001