Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

HERKULESI

 

Haurtzaroko lotan ehortzia

nengoen, metala meategian bezala.

Eskerrak, Herkules! Mutikoa

gizon bihurtu duzu.

Prest nago erret tronurako

eta gaztaroko hodeietarik ateratzen zaizkit,

Kronosen tximistak bezala,

ekintza sendo eta handiak.

 

Arranoak bere umeak ere,

begietan txinpart distira egitean,

hegalkada ausartetan,

daramatza eter alaian barrena.

Haur sehaskatik hartu ninduzun,

amaren mahai eta etxetik,

zure gerratetako sutara,

o zu jainkogai altua!

 

Uste zenuen zure gerra orgako zarata

alferrik durundatuko zela nire belarrietan?

Zuk jasandako zama bakoitzak

goratzen zidan gogora

Ikasleak ordaindu behar du, bai,

argi fierra, biziki mintzen zidan

bularra zure izpi sutuak,

baina ez dute desegin.

 

Jainkozko indarrek moldatu bazaituzte

zure patuaren olatuetarako,

o igerilari ausarta,

Zerk hezi ninduen garaipenerako?

Zerk deitu zion jauregi ilunean

zegoen umezurtzari,

zu eredutzat hartzeko,

gauza jainkozko eta handietarako?

 

Zerk hartu eta atera ninduen

haur jostalarien multzotik?

Zerk bultzatu ditu zuhaixka adarrak

eter argitsuaren aldera?

Ezein lorazainen eskua

ez da bizi gazteaz arduratu,

baina neure eginahal hutsean

zeruari begira jarri eta harantz handitu nintzen.

 

Zeusen semea! Zure ondoan

jartzen naiz lotsaz gorri eginda,

Olinpo zure konkista da,

etorri eta partekatu nirekin!

Hilkorra sortu naiz, bai,

baina hilezintasuna

agindu dizu nire arimak

eta zin egindakoa beteko du.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001