AROKO IZPIRITUA
Sobera luzez erreinatu duzu nire buru gainean,
hodei ilunetan, aroko jainkoa!
Inguruan, dena bortitza eta beldurgarria,
hondamen eta zalantza, nora nahi begiratu ere.
Ai! Lurrari begira jartzen naiz, mutiko batek bezala,
zugandik ezkutatzeko leize baten bila,
ergela! uste bainuen aurkitu nuela
zu, guztinahaslea, ez egondako tokirik.
Utzi, aita, begiz begi nik
zu ikustea! Ez ote duzu nire izpiritua
iratzarri zure izpiekin? Ez ote nauzu
munduratu, o alta?
Mahasti gazteen kimuak indar sakratua ematen digu.
Aire goxoan topatzen dute
hilkorrek, basoan isilik ibiliz,
jainko argitsu bat; baina zuk bizikiago iratzartzen duzu
gazteen arima garbia eta zaharrei
arte zuhurra irakasten diezu; gaiztoa bakarrik
gaizkiagotzen da, lehenago hiltzen baita
zuk harrapatuta, o beldurgarria!