Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

DESSAUKO PRINTZESA BATI

 

Askotan bidaltzen dituzte jainkoek,

beren maiteak, etxe baketsutik atzerrira,

horrela, iduri nobleez oroituz,

hilkorren bihotza poztu egin dadin.

 

Horrela zatoz Luisium basotik

aire isilek bainaturiko bazterretik,

zure teilatu inguruan

zuhaitzak jostetan ari direlarik.

 

Zure tenpluko baketik, o sazerdotisa!

gure aldera zatoz, jada

hodeiek burua makurrarazten digutela,

aspaldi jotzen gaitu jainkozko ekaitzak.

 

Sazerdotisa agurgarria! Jainkozko

suaren zaindaria!

Gaur aregagokoa zara, iragankorren

artean zure denbora pasatzen duzulako.

 

Garbiak doazen lekuan

izpiritua agertzen da,

biziaren itxura nahasiak

lasaiago dira argi segurupean.

 

Eta hodei beltzetik

ortzadarra agertu bezala,

etorkizunaren ezaugarri

egun sainduen oroigarri,

 

horrela zure bizitza, arrotz saindua!

Italiako habe hautsiak

edota denbora nahasiaren

kimu berdeak ikuskatzen dituzularik.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001