Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

IBILTARIA

 

Bakarrik nengoen, zelai afrikar idorrei,

begira; Olinpotik suzko euria ziharduen.

Urrunduz zihoan mendi argala, eskeleto ibiltariaren moduan,

gainetik bere kasko gorri, soil larrutua ageriz.

Ai! Hemen ez dager, iturri jauzkari bat bezala, gau amaigabea,

hotsezko airean jori eta nagusi.

Hemen ez dira gazteak jostetan, errekak ez dira

haran birjinalean esperantzaz eta amodioz erortzen.

Zuhaitzetako loreen artean sabairik batere

ez zen agertzen, zilarrezko hodei artean ilargia bezala.

Iturriondoan ez da artalderik biltzen

eta ez zaio zamaltzainari zaldirik eskapatzen.

Sasietan ahotsik gabeko txori bat

eta zikoinen abesbatza iragan zen beldurti.

Natura! Ez nizun desertuan urik eskatu,

gamelu fidelak zaintzen zidan ura.

Basoko kantak, biziaren irudiak eta koloreak

eskatu nituen, aberriko zola sainduan ohituta.

 

Edertasuna nahi nuen, txantxekin erantzun zidan naturak;

edertasuna... kasik beldur bat eman zidan horren truke...

Poloa ere bisitatu dut; han glaziarrak

kaos batean elkarren bultzan ibilki.

Elurrezko estalpean lotan zegoen bizi presoa,

eguna ere burdinazko loak hartuta.

Ai! Hemen ez du lurra besarkatzen Olinpoko besoak.

 

Pigmalionen besoak bere maitea besarkatu bezala.

Eguzki izpiek ez diote bularra mugiarazten

eta ez zaio euri eta ihintzetan mintzatzen.

Ama lurra! oihu egin nuen, alargundu egin zara,

denbora mantsoan, behartsu eta haurrik gabe bizi zara.

Deus zaintzeko ezta hazteko izan gabe,

zahartzaroan haurrengan bere burua ikusi gabe, heriotza.

 

Baina akaso berotuko zara zeruko izpietan,

haren arnasak iratzarriko zaitu goxoki

eta pikorrak bezala apurtuko duzu aspaldiko azala

eta mundu kimu bat kanporatuko da.

Zure indar eutsia sutan udaberri oparoan,

arrosak eta ardoa ipar eskasean.

 

Baina lurrak isiltzen du nik agindutakoa

eta alferrik esana da kontsolabidezko hitza.

Itzultzen naiz Rhin ibaira, sorleku maitera

eta, lehen bezala, aire epela nire inguruan!

Bihotz antsiatua zuhaitz lagunek laztandutakoa,

lehen besoetan kulunkatu nindutenekoak

eta berde sainduak, munduko bizi eder betierekoaren

lekukoak freskatu eta gaztetu egiten nau.

 

Artean, zahartu naiz, poloak zurbil egin nau

eta hegoko suan ile kizkurrak erori.

Baina Aurorak Titon bezala sorlekuko lurrak

zure semea besarkatzen duzu irribarrez, epel, pozez.

Herri saindua! ez duzu mahastirik gabeko muinorik,

udazkenean fruituzko euria belar hazietan.

Suzko mendiak oina freskatzen errekan

adar eta goroldiozko koroak kasko eguzkitsuan.

 

Eta nagusiaren bizkarrean goiti doazen haurrak bezala,

gaztelu eta etxaldeak mendi ilunean.

Lasai doa basotik argira oreina,

aire distiratsuan aztorea zelatan.

 

Dama beheitiko haranean iturrian bazkatzen da lorea,

herrixka atseginez zabaltzen belardian.

Isilik, doi aditzen da urruneko errota lanpetua

eta mendiz beheiti kexaka gurpil presoa.

 

Hots mantsoak: sega mailua, nekazariaren ahotsa,

orga aurrean idia gidatzen pausoka,

maiatzeko eguzkiak loaraziko

umetxoarekin belarrean dagoen amaren kanta.

Lakuaz bestaldean, kortako atea

itzalpean dauka zumarrak, intsusa loretan dela,

hartzen naute etxeak eta baratzeko itzal goxoak,

landarekin batean aitak hazten ninduenekoan,

urtxintxa bezain alai adar bihurrietan ohi nintzen

edo belar urrintsuan burua sartzen.

Sorlekuko natura! Nola zatzaizkidan fidela!

Lehengo amutsultasunean hartzen duzu iheslaria.

Muxikak ontzen, lehen bezala, mahats mordo

goxoak nire leihoan gaindi.

Gereziondoko fruituak gorrituz ederki

eta adarrak berez datoz esku biltzaileengana.

Lehen bezala, bidexkak baratzetik kanporatzen nau

basoko berde amaigabera edo errekara,

ai, horko freskoan eguerdiko isilean,

Tahiti eta Tiniani buruz irakurtzen nuen.

Sorlekuko eguzkia, bidea gorritzen didazu,

argiak berotzen eta begietan jostetan ari zait, lehen bezala.

 

Sua eta izpiritua edaten dut zure pozezko kalizatik,

ez duzu lotara uzten nire buru zaharra.

O, lehenik ernatu zenidan haurtzaroko lotan nuen bularra

eta indar goxoaz gora eta aurrera eraman

eguzki goxoa! Itzultzen natzaizu fidel eta zuhurragoa,

lasai eta alai lore azpian egon asmotan.

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001