Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

 

MAIN IBAIA

 

Zenbat herri, bizidunen lurrean, ikusi

nahi nuke eta askotan, mendiz gaindi

doakit bihotza eta desioak dabiltza

itsas gainetik, besteengandik nik

 

ezagututako ertze preziatuetara;

baina urrutiko ezer ez zait

hain maitea nola jainkoak lotan daudenekoa,

grekoen herri deitoratua.

 

Sunio kostaldean lurreratu nahi nuke

eta zure habeei, Olinpeion, galdetu.

Han, iparreko korronteak

Atenasko tenpluko eta hango

 

jainko irudien erruinetan ehortzi aurrean;

aspaldi zaude bakarrik, o jada ez den

mundu baten urguilua! Eta zuek

Joniako irlak itsas haizeak

 

hondartza beroak ferekatzen dituenekoa,

mahastia eguzki indartsupean ontzen,

ai! urrezko udazken batek herri xumearen

hasperena kantu bihurtzen,

 

orduan, zuen limoiondo basoek,

urrezko sagarrez beteriko granadoek,

ardo goxoak, atabalak eta zitarak

labirintozko dantzara gonbidatzen dituzte zoritxarrekoak.

 

Akaso agertuko zaizue, irlak,

sorlekurik gabeko kantari bat

atzerriz atzerri doana

eta lurra, librea, izango zaio

 

aberria, bizi artean,

eta hiltzen bada. Baina inoiz ez zaitut ahaztuko

urrunago banoa ere, Main ederra!

Eta zure bazter zoriontsuek

 

lagun gisa hartu naute, ibai altua,

arrotzaren bista alaituz

irakatsi zenidan lasai doan kanta

eta hotsik gabeko bizia.

 

Bake, izarrekin, zoriontsu zu,

segitzen duzu zeure goizetik arratseraino,

Rhin anaiagana eta gero harekin

ozeano aldera kontent!

 

 

Poemak
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001