![]()
|
Poemak
GREZIA
Gotthold Stäudlini
Platanoen itzalean, Ilisus ibaia lore artean zihoanekoan, gazteek ospea desira zutenekoan, Sokratesek bihotzak konkistatzen zituenekoan, Aspasia mirtondo artean zebilenekoan, anaiazko poza baten hotsak Agora zaratatsutik zetozenekoan,
bestako kantuek udaberria laguntzen zutenekoan, entusiasmoaren errekak, jainkosaren omenez, Minervaren mendiaz beheiti erortzen zirenekoan, Milaka poesiazko ordu goxoetan, jainkoen amets baten moduan, zahartzaroa desegiten zenekoan... orduan, adiskidea, aurkitu izan bazintut, duela urteak, bihotz honek aurkitu zintuen bezala!
Ai, beste moduz besarkatu izan zintuzket! Marathongo heroiak kantatuko zenizkidake eta entusiasmorik ederrena irribarretsu legoke zure begirada mozkorrean, garaipen sentimenduek gaztetu zuketen zure bularra, eta erramuz inguratutako zure buruak ez zukeen sentituko biziaren pisu itoa, pozaren arnasa izoztu egiten duena.
Desagertu zaizu amodioaren izarra? Eta gaztaroko argi eder arrosa? Ai! Heladeko urrezko orduen dantzan ez zenukeen urteen ihesa sumatu; Vestalen garra bezala, beti sutan zeuden adorea eta amodioa bular guztietan, Hesperideen fruitua bezala, beti lore gorrian zen gaztaroko atsegin goxoa.
Urrezko urte haietariko zati bat patuak gorde izan balizu... Atenastar erakargarri haiek hainbat merezi zituzten zure kantu sutsuak! Lira alaian apoiaturik Chioko mahasti goxoen odolarekin, Agorako zurrunbilozko zaratatik atseden hartuko zenukeen.
Ai! Egun hobe haietan, ez zukeen alferrik, hain zabal eta oparo, zure bihotz maiteak jo, hain gogotik eskerroneko malkoak jarioarazi dituen herriagatik. Zaude! Etorriko da, seguru, jainkozkoa errautsetik libratuko duen ordua! Hil zaitez! Alferrik bilatzen duzu lur honetan zure elementua, o izpiritu noblea!
Atika, erraldoia, erori da. Jainkoen semeen hilerrietan, marmolezko jauregi hondatuetan, orain betiereko herio isiltasuna. Irribarrez dator udaberri goxoa, bertan ez ditu bere anaiak aurkitzen; Ilisoko ibar sakratuan, beldurrezko desertu batek estaltzen ditu.
Herri hobe horretara nahi dut, Alzeo eta Anakreonte aldera, lo egin nahi nuke etxe estuan, sainduen ondoan, Marathonen! Ai! Hau izan bedi Greziaren aldeko nire malkoetarik azkena! Parkak, ekin guraizeei! Nire bihotza hildakoena da eta.
Poemak |