![]()
|
Poemak
HITZAURREA
Hölderlin euskaratzeko esperantzarik gabeko zeregina sortu zen egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan. Baina ez zuen solasak ekarri, ez zen perpausa izan. Ez. Neronek aipatu nuen nola deusek ez duen hainbat kalte egiten euskal irakurlearen arimarako nola poeta handi zenbaiten itzulpenaren ausentziak. Hitz deskontsideratu horiek eraman ninduten galbidera, eta zertako sartzen naizen ni itsas hondar gabe honetan neure buruari mila eta bi aldiz galdetzen nion ordurako, beranduegia zen. Baina sartu banintzen, sartu nintzen. Eta hona, irakurle kuriosoa, uzta eskas hau zure eskuetara iristen deneko eguna. Poesia honen egilea, Friedrich Hölderlin, oso patu poetiko eta tragikopean suertatu da. Bizirik zela, bakartia eta ezezaguna; hil ondokoan, mende luze batez osoki ahaztuta gelditu zen. Bere molde berezia —Pindaro poeta grekoaren itzultzailea eta ikertzailea aparta izan zen eta bere poesian nabari da libertate pindarikoaren hats konparaezina— ez zen, hain zuzen, lirismo merkearen nagusigoan oihartzun handirik edukitzeko biderik egokiena. Hain poesia ederra eta berezia gaitzat edukita -zentzu bikoitzetan eta kontrazentzurik ilunenetan, desiorik eta etsipenik barrenenak uztartzen dituen poesia, hain zuzen—, paren itzulpena zertzeko unean, oso trantze irristakorrean suertatu nintzen. Izan ere, halako literatur lanaren itzulpenak dauzkan arrisku (tentazio) nabariak bi baitira gutxienez: euskal bertsioa ustezko zentzutasun batean barrena pasaraztea, gezur bat moldatuz, edota etorkizko testuan dauden sintaxi bortxaketei eta lotura logikoaren apurketei morroi moduan jarraitzea, egiazko monstruo bat eginez. Bi manera horiek Hölderlinen poesiarentzat mudantza hondatzailea suposatuko dutelakoan, pentsatu nuen aipatutako bi bideek bidagurutze faltsu bat osatzen zutela eta aukera faltsu baten aurrean nengoela. Irtenbidea ardatz baten inguruan landutako moduan zertu egin dut: poetaren irudiei baita diskurtsoaren ordenari fidela izaten, beti. Zure partez irakurri eta haren ordez idatzi: bi lagunen konfiantzazko ordezkari guztiahalduna izateko zeregin hauskorra, itzulpena, alegia, inoiz baino hauskorragoa iruditu egin zait Hölderlinen poesia euskaratzeko abenturan. Liburu honen asmoa haren poesia osoaren euskal aterbea izatea denez, selekzioak Hölderlinen aro eta fase guztien poemak biltzen ditu, gaztaroko himnoetan hasi eta eromenaren poemetan bukatu arte. Poema asko dataezinak izanez eta aro ezberdinetan egindako bertsioak hobetsi direnez, ordena kronologikoa aski erlatiboa da. Nola elegia eta himno “handiak” deituriko gehienak Hyperion nobelarantz —poema ala nobela den, garai eta prezeptiba bakoitzeko konbentzioaren arabera epaituriko huskeria da— enkargatuak edota bertatik abiatuak baitira, horien ordez Hyperion bera euskaratzeko esperantzarik gabeko zeregina gauzatzea erabaki nuen. Bestalde eta orokorrean esanda, bertsio bat gehiago zeukaten poemetan lehendabizikoa hobetsi egin dut.
Poemak |