Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

L

 

Zakur onak

 

Joseph Stevens Jaunari[1]

 

         Eniz ehoiz ahalgetu, ene mendeko idazle gazten aitzinean ere, Buffon-endako dutan miresmenaz, baina egun eztut naturaleza ospedunaren margolari horren arima deituko ene laguntzera. Ez.

         Ontsa gogotikago Sterne-ri[2] hel egin nezoke, eta erran: «Zerutik jauts hadi, edo Elüseoko alhorretarik ene gana igan, zakur onen aldera gogoaren sustatzera, zakur gaixoen aldera, hire gai den kantu baten moldatzeko, sendimendudun jostakina, jostakin berdinik gabea! Itzul hadi gerokoen orhoitzapenean beti laguntzen hauen arsto aipatuaren gainean ixtakolok; eta oroz gainetik arsto horrek ahatz eztezala, ezpainen artetik polliki dilindan, bere makaron betierekoa!»

         Gibelera muse akademikoa! Jeus eztut nahi sintsa zahar hortarik. Muse etxekoari dut hel egiten, hiritarrari, bizi denari, lagun nezan zakur onen kantatzen, zakur gaixoen, zakur iztilduen, bakoitzak bazterreratzen dituenak, izurritu eta zorrizu bezala, haiekin lagun diren behartuek ezpada, eta poetak, anaietasunezko begiarekin ikusten baititu.

         Urrun! zakur aphaina, laur zangoetako ergel hori, danes, king-charles, oralano ala uxakur, bere buruaz hain xoratua nun ozarki jauzten baita ikuslearen zango edo belhaunetara, gustagarri izanen dela segur bezala, haur bat bezain ezinegona, neska arin bat bezain zozoa, batzuetan mutil bat bezain mokhorra edo ausarta! Urrun bereziki laur zangoetako suge horiek, hotz-ikharan eta auher, galgeme izenekoak, ezpaitadukate bere mutur luzean adixkide baten hatzari jarraikitzeko aski usnarik ere, ez eta bere buru aphalduan, dominotan jokatzeko adimendurik aski.

         Zakurtegira, bizkarkin akhigarri horiek oro!

         Itzul ditela bere zakurtegi zetazko eta gosnatuetara! Kantatzen dut zakur iztildua, zakur egoitzarik gabea, zakur ibilkaria, zakur jauztekaria, haren asmua, behartuarena, bohamuarena eta jokariarena bezala, beharraz miragarriki akulatua baita, ama hain on hortaz, adimenduen zinezko nagusi hortaz!

         Kantatzen ditut zakur helgaiztunak, ala hiri neurrigabekoetako izaka bihurdikatuetan badabiltzanak, ala gizon orotaz utziari, begi klixkari eta izpiritudun batzuekin erran daukotenak: «Har nezak hirekin, eta gu bien miseriatik eginen diaguk behar bada halako zorion bat!»

         «Nora doaz zakurrak?» zion lehenago Nestor Roqueplan-ek ahatzia dukeen berrikari-zolako orhoitgarri batean, eta nik bakarrik, eta Sainte-Beuve-ek behar bada, gogoan duguna oraino.

         Nora doaz zakurrak, diozue, gizon guti oharkorrak? Badoaz bere egitekoetara.

         Egitekoetako aurkitaldi, amodiozko aurkitaldi. Lanhoan gaindi, elhurrean gaindi, iztilean gaindi, uda-min erretzekoan, euri uharrean, joaiten dira, jiten, ibiltzen, karrosen azpitik iragaiten, kukusoek, tirriak, beharrak edo eginbideak sustaturik. Gu bezala, goizik jeikiak dira, biziaren bila edo lasterrez bere atseginetara.

         Badira hiri-inguruko hondamendu baten azpian etzaten direnak eta jiten, egun oroz, oren beretan, Erret-Palazioko sukalde athe batera bere xarearen eske; bertze batzu bortz lekoa baino urrunagotik multzoan lasterrez heldu direnak, hiruretan hogei urteko neskaso batzuen garitateak antolatua dauen aphairuaren uzitzera, hauen bihotz auherra ihizietara itzulia baita gizon zozoek nahi eztutelakotz.

         Bertze batzuek, esklabo beltz iheslari batzu bezala, amodioz erotuak, uzten dute, egun berezi batzuetan, bere departamendua hirian lasterkatzera jiteko, oren batez, zakur eme eder baten inguruan, bere jantzian apur bat axolagabea, baina urgoi eta esker onekoa.

         Eta orratza bezain xuxen dira, karnetik gabe, notaririk eta sakelakorik gabe.

         Ezagutzen duzua Belgika auherra, eta miretsi dituzua, nik bezala, harakinaren, esne saltzalearen, okinaren karrosari estekatu zakur azkar hek, bere erausia irabazlez erakusten baitute zaldiekin zein gehiagokatzeaz sendi duten atsegin urguluduna?

         Huna biga lerro oraino jendetuagokoak direnak. Onhar ezazu hor ezten jauzkari baten ganbaran sarr-araz zitzatan. Ohe bat, zur thindatuzkoa, erridaurik gabe, estalgi batzu herrestan eta zimitzez zikinduak, bi lastozko kadera, musikako tresna bat edo bi hautsiak. Oi! mubleria trixtea! Baina so egizu, othoi, bi personaia horier, jantzi aldi berean higatu eta ospekoak soinean, ileantzea trobari edo soldado batzuek bezala, sorgin batzuen artharekin zaintzen dutela berogailu phiztuaren gainean eztiki egosten ari den izen gabeko lana, erdian zutik dagola kullera luze bat, hargintza bururatua dela iragartzen duten aireko haga hetarik bat bezala.

         Eztea zuzen komedialari hoin gartsuak eztiten bideari lot urdaila salda phizu eta azkar batez galhiatu gabe? Eta eztuzua atsegin apur bat gizagaizo horier barkatuko, egun oroz behar dutelarik jendearen axolagabea jasan, eta zati gotorrena hartzen duen eta berak laur komedialariek baino salda gehiago jaten duen buruzagi bat?

         Zenbat aldiz eniz egon, erdi irriz eta bihotza beraztua, laur zangotako filosofo horier beha, esklabo lausengari, manukor edo zerbitzari gartsu, hiztegi errepublikarrak erran bailezazke berdin laguntariak, errepublikak, gizonen zorionaz axolatuegia, baldin balu zakurren ohorearen egiteko astia!

         Eta zenbat aldiz eztut gogatu bazela behar bada nunbait (ororen buruan, nork daki?), hoinbertze kuraiaren, hoinbertze pairamen eta lanen sariztatzeko, zakur onendako, zakur gaixoendako, zakur iztildu eta lastimatuendako parabisu berezi bat. Swedenborg-ek dio badela bat Turkoendako eta bat Holandesendako.

         Virgiliuz eta Theokritez, bere kantu aldizkatuendako, gasna on baten, egile hoberenaren xirula baten edo ahuntz errape hantu baten beha zauden. Zakur gaizoak kantatu dituen poetak ukan du saritzat margo aldi berean aberats eta higatuarekilako barneko motx bat[3], larrazkeneko iguzkiak gogoratzen dituena, emazte adinekoen ederra eta Dona-Martetako udak.

         Villa-Hermosa karrikako edandegian zirenetarik batek eztu ahatziko nolako bizitasunarekin margolaria bere barneko motxaz gabetu den poetaren fagoretan, hain ontsa hartu baitu zakur gaizoen kantatzea on zela eta zuzen.

         Berdin, Italiako tirano ospedun batek eskaintzen zaukon Aretin arraroari noiz puñal bat harrieriaz aberastua, noiz gorteko soineko bat, hamalaurkun balios edo olerki trufari bitxi batean truk.

         Eta poetak margolariaren barneko motxa janzten duen aldi oroz, gogatu behar du zakur onez, zakur filosofoez, Dona-Martetako udez eta emazte adinekotuen ederraz.

 

 

[1] Joseph Stevens ihizi eta bereziki zakur margolari ezagun Belgikako bat zen. (Itzultzalearen oharra).

[2] Laurence Sterne (1713-1768), Irlandan sortua, eta Angeleterrako idazle aipatuenetarik, Frantzian bereziki irakurria XIXgarren mendean; haren liburu ezagunenetan Tristram Shandy, aitorensemearen bizia et’aburuak (1760-1767) eta Sendimenduzko bidaia (1768). (Itzultzalearen oharra).

[3] Baudelaire-k berak ukana omen zuen 1867ko urrian Joseph Stevens delako margolariaren ganik soinean ikusia zaukon horrelako barneko motx bat. (Itzultzalearen oharra).

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007