|
Poema xipiak laxoan
XVII
Adats batean mundu erdi bat
Utz nezan luzaz, luzaz, hire iletan hats hartzera, ene begitarte osoaren hetan mugiltzera, gizon egarria ithurri bateko urean bezala, eta oihal usainondu bat bezala eskuaz haien higitzera, airean orhoitzapen batzuen inharrosteko. Ikusten dutan guzia jakin ahal baneza! sendizen dutan guzia! hire iletan entzuten dutan guzia! Arima badoatan usain onean bertze gizonen arima musikarekin bezala. Hire ilek badadukaten amets oso bat, beladuraz eta mastaduraz betea, haien haizeak aro xoragarri batzuetara baneramaten itsaso handi batzu, han lekua ederrago baita eta barnatuago, airea fruituez, orstoez eta giza-larruaz usainondua. Hire ilen itsaso zabalaren artetik, portu bat ikusten dinat, orotan gogo-ilundurako kantu, erresuma orotako gizon azkar eta molde orotako untzi, bere orraze mehe ’ta nahasiak marratzen dituztela betiereko beroa goxoan datzan zeru neurrigabe batean. Hire adatsaren pherekuetan, berraurkitzen ditinat ohexka baten gainean iragan oren luzeak, untzi eder bateko ganbaran, portuko uhainaldi ohargabeaz leriatuak, lore untzi eta edari hoxteko alkarazen artean. Hire adatsaren berogia sutsuan, hats-hartzen dinat tabako usain lobelar et’azukarrarekin nahasiaz; hire adatsaren gauan, ikusten dinat itzul-mugetako urdin mugagabea dirdiratzen; hire adatsaren ur-hegi lumatxadunean, mozkortzen nun mundrunaren, musketaren eta koko-olioaren usain nahasiez. Utz nezan hire trenza phizu eta beltzen luzaz ausikitzera. Hire ile malgu eta bihurrak hortzikatzen ditinatanean, iduri zatan orhoitzapen jaten ari nizala.
Poema xipiak laxoan |