|
Poema xipiak laxoan
XXXI
Deiak
Larrazkeneko iguzki baten arraiak hartan astira gelditzen zirela baziduriten baratze eder batean, lurraldeak bidaian bezala urrezko hedoi batzu airean zauden zeru jadanik berdera zoan baten azpian, laur haur eder, laur muttiko, jostatzeaz akhituak iduriz, elgarrekin solasean ari ziren. Batek zion: «Atzo antzokira ereman naute. Palazio handi eta trixte batzuetan, haien zolan ikusten baitira itsasoa eta zerua, gizon eta emazte batzu, serios eta trixte hek ere, baina orotan ikusten ditugunak baino biziki ederrago eta hobeki jantziak, mintzo kantari batean elhekatzen dira. Elgar mehatxatzen dute, othoizten, lastimatzen dira, eta eskuaz usu zapatzen dute gerrian sartua dadukaten nabala. Ha! ontsa eder da! Emazteak etxean ikusten ditugunak baino ontsa ederrago eta handiago dira, eta, nahiz bere begi sartu eta matela sutsuekin itxura izigarria duten, ezin egon da hek maitatu gabe. Beldur da, nigar egiteko gura, eta bizkitartean gozoki... Eta gero, bitxiago dena, berdin jantzia izaiteko gutizia emaiten du, gauza beren erraiteko eta egitekoa, eta mintzo berdinarekin elhekatzekoa...» Laur haurretarik batek, zekunda zenbait baitzen etzuela gehiago lagunaren hitzaldia entzuten eta so itzatu bitxi batekin zeruko nik dakita zein gunetara beha zagola, erran zuen bapatez: «Behazue, behazue hantxetan...! Hura badakusazuea? Hedoi baztertu xipi baten gainean jarria da, higitzen den hedoi su koloreko xipi hortan. Hura ere, badiduri guri beha dagola.» «Baina nor bada?» galdegin zuten bertzek. «Jainkoa!» ihardetsi zuen doinu osoki zintzo batekin. «Ha! ontsa urrun da jadanik; sarri eztuzue gehiago ikusten ahalko. Bidaian badabilke, ikustaldiz erresumetara joaiteko. Oizue, abantzu hedoi-ertzean den zuhatz lerro hunen gibeletik iraganen da... eta orai ezkiladorrearen gibelera jausten ari... Ha! ezta gehiago ikusten!» Eta haurra luzaz egon zen alde berera itzulirik, gogo-erautzi eta urrikizko itxura ezin erran batek hetan dirdiratzen zuen begiak lurra zerutik berexten duen marran itzatuz. «Zoroa denetz, hori, bere Jainko, berak bakarrik ikus eztezakeenarekin!» erran zuen orduan herenak, haren jende xipi guzian ageri baitziren bizi eta ernetasun berezi batzu. «Nik, erranen dautzuet nola gertatu zatan behin ere gertatu etzaizuen zerbait, eta zuen antzoki eta hedoiak baino apur bat ohargarriagoa. — Duela zenbait egun, aitamek ereman naute berekin bidaian, eta, hartan gelditu giren ostatuan ezpaitzen gu guziendako aski ohe, deliberatu da ene neskato zaintzalearen ohe berean etzanen nintzala.» — Lagunak bere ondora ekharr-arazi zituen eta aphalago mintzatu zizeen. «Zerbait berezi egiten du, zoazte, ez bakarrik etzana izaiteak eta ohean bere neskatoarekin izaiteak, ilunbean. Ezpainintzan lokartua, jostatu niz, lo zagon bitartean, eskuaren haren besoetara, lephora eta soingainetara emaiten. Besoak eta lephoa bertze emazte guziek baino ontsa lodiago ditu, eta larrua hain du leuna, hain leuna nun iduri baitu eskutitzetako edo zetazko paperra. Hain atsegingarri zizatan nun luzaz jarraikiko bainintzan, ezpaninz beldurtu, lehenik haren iratzarrarazteaz, eta ere nik dakita bertze zertaz. Gero burua sartu dut bizkarrera jausten zizazkon iletan, khima bat bezain tinki, eta bazuten, segur, baratzeko liliek orai duten bezain usain ona. Entsea zaitezte, ahalko duzuenean, hainbertzeren egitera, eta badakuskezue!» Agerpen ezin handiago horren egileak, bere ixtorioaren erraitean, oraino sendi zuen halako harritze batez begiak zabalduak zaduzkan, eta etzatera zoan iguzkiaren arraiek, haren adats gorri harrotuaren gainetik lerratuz, hetan phizten zuten tirriazko korona sofre-koloreko bat bezala. Errex zen asmatzea horrek etzuela bizia hedoietan Jainkokiaren bila galduko, eta bertze nunbait zuela usu aurkituko. Laurgarrenak erran zuen azkenean: «Badakizue etxean guti nizala jostatzen; enaute nehoiz ikusgarrira eremaiten; ene aitordea zikoitzegia da; Jainkoa ezta nitaz eta ene aspertzeaz axolatzen, eta eztut neskato ederrik ene lokarrarazteko. Ainitzetan iduritu zata ene atsegina beti aitzina zuzen joaitea lizatekeela, nora jakin gabe, nehor hortaz griñatu gabe, eta beti herri berri batzuen ikustea. Nehoiz eniz nihun ontsa, eta beti nizanetik bertze nunbait hobeki ninzatekeela uzte dut. Beraz bada, ikusi ditut, auzo herriko azken ferian, bizi nahi nukeen bezala bizi diren hirur gizon. Etzezteete ohartu, zuek. Handiak ziren, abantzu beltzak eta biziki burgoiak, nahiz phildetan, nehoren beharretan ez izaiteko itxura batekin. Zituzten begi ilunak osoki argitu dira musikan ari ziren bitartean; musika bat hain ustegabegarria nun baitema noiz jantzan artzeko gura, noiz nigarrez artzekoa, edo bien batean egitekoa, eta ero bilaka bailaiteke luzazegi entzuten balire. Batek, bere arrabitean zirika lerra-araziz, bazidurien bihotzmin bat erraiten zuela, eta bertzeak, bere mailuxka jauz-araziz lephotik dilindan zadukan piano xipi baten zurdetan, bazidurien bere lagunaren pleinuaz trufatzen zela, herenak aldiz, noiztenka, bere zinbalak joiten zituelarik bortiztasun izigarri batekin. Hain ziren bere buruez askietsiak, nun bere musika salbaiaren joiten jarraiki baitute, jendea barretua izan zenean ere. Azkenean bere sosak bildu dituzte, phuskak bizkarrean hartu, eta joan dira. Ni, nun egoiten ziren jakin nahiz, urrundik jarraiki nizaie, oihan bazterrerano, han baitut bakarrik orduan hartu etzirela nihun egoiten. «Orduan batek erran du: «Oihal-etxea hedatu behar dea?» «Ez! alafe!» ihardetsi du bertzeak, «gaua hain da ederra!» «Herenak bazion irabaziaren khondatzean: «Jende horiek musika eztute senditzen, eta emaztek hartzek bezala jantzatzen dute. Beharrik, ilabetea bururatu baino lehen Austrian izanen gira, han jendalde maitagarriago bat aurkituko baitugu.» «Hobeki egin ginezake behar bada Espainiara joanez, ezen urtea aitzinatzen ari da; ihes dagigun euriak baino lehen eta eztezagun zintzurra baizik busti», erran du bertze bietarik batek. «Guzia gogoan atxiki dut, dakusazuen bezala. Gero edan dute bakoitzak aguardiente baso bat eta lokartu dira, begiak izarretara itzulirik. Ukana nuen lehenik berekin ereman nindezaten othoizteko gutizia eta bere tresnetan joiten ikas zezataten; baina eniz menturatu, zernahitara deliberatzea biziki neke datekeelakotz beti, eta ere Frantziatik kanpo izan baino lehen berriz hatzemana izaiteaz beldur bainintzan.» Bertze hirur lagunek erakutsi zuten itxura guti axolatuak gogora eman-arazi zautan muttiko hori jadanik entzungaitz bat zela. Ontsa behatu naukon; bazen haren begian eta bekokian gehienetan atxikimendua urruntzen duen nik dakita zer zorigaitzeko goiztiar, eta enea, zergatik eztakit, sustatzen zuena, hainbertzetarano nun ukan bainuen ephe batez nitaz ezezaguna zen anaia bat banukeelako gogamen bitxia. Iguzkia etzana zen. Gau ospeduna jarria. Haurrak elgarretarik berexi ziren, bakoitza bazoala, berak jakin gabe, gertaldien eta halabeharren araura, bere zoriaren zohitzera, jendakia hurbiler eskandala emaitera eta loriara igaitera edo desohorera jaustera.
Poema xipiak laxoan |