|
Poema xipiak laxoan
XXXIV
Jadanik!
Ehun aldiz jadanik iguzkia jalgia zen, dirdiran ala ilundurik, bazterrak doi-doia baizik ikustera uzten eztiren mainutegi neurrigabeko hartarik; ehun aldiz bermurgildua zen, phindarretan ala mokhor, arratseko bere mainu neurrigabean. Bazen egun andana bat izartegiko bertze alderdiari beha egoiten ahal ginela eta haraindietako hizkitegi zerutarra irakur ginezakeela. Eta bidarietan bakoitza auhenka ari zen eta murmurikan. Erran zaitekeen lurraren hurbiltzeak haien oinazea sumintzen zuela. «Noiz bada», zioten, «utziko dugu uhainaz inharrosia den loaren egitea, guk baino azkarrago gorronkatzen duen haize batez moztuaren? Noiz jan ahalko dugu bageramatzan ekhai zikina bezain gazitua ezten haragitik? Noiz egosi ahalko dugu jargia geldi-geldi batean?» Baziren etxeko sua gogoan zutenak, bere emazte hitz-jale ’ta murritzez urrikitan zirenak, eta bere haurreria garrasialariaz. Oro hain erotuak ziren lurraren hutsaz, nun, uste dut, belarra ihiziek baino khar gehiagorekin janen zuten. Azkenean leihor bat iragarria izan zen; eta ikusi ginuen, hurbilduz, lur ezin ederrago bat zela, lilluragarria. Bazidurien handik biziko musikak murmurika nahasi batean jalgitzen zirela, eta ur bazter hetarik, mota orotako landarez aberatsak, lore ’ta fruitu usain ezin goxoago bat airatzen zela. Berehala bakoitza bozkariatu zen, bakoitzak bere omore gaixtoari uko egin zaukon. Aharra guziak ahatziak izan ziren, elgarren alderako ogen guziak gogotik ezabatuak, eta gorromioak khe batzu bezala airatu ziren. Ni bakarrik nintzan trixte, ezin asmatzeko heinean trixte. Bere jainkotasuna ekhenduko zizakon aphez bat iduri, enindaitekeen, samintasun deitoragarri bat gabe, itsaso bere berdintasun izigarrian hain mugagabeki aldakorretik berex, iduri baitu badaduzkala bere baitan eta bere jokoetan, ibilaretan, haserre ’ta irrietan, eta itxuratzen dituela bizi izanak, bizi et biziko diren arima guzien omoreak, agoniak eta gogo-erautziak! Edertza ezin erkidatu hari goraintzi erraitean, heriotzerano aurdikia sendi nintzan; eta hartako, ene lagunetarik bakoitzak erran zuenean: «Azkenean!», enuen oihukatu ahal ukan: «Jadanik!» baizik. Bizkitartean lurra zen, lurra bere harrabots, tirria, errextasun, besta guziekin; lur aberats eta ezin ederrago bat, agiantzaz betea, bere mixteriozko arrosa eta muxketa usain ona igortzen zaukuna, eta biziko musikak handik maitasunezko murmurika batean heltzen zizaizkuna.
Poema xipiak laxoan |