|
Poema xipiak laxoan
XII
Jendaldeak
Tendetze baten erdian mainu baten hartzea ezta bakoitzari I emana: jandaldeaz gozatzea ederlan bat da; eta batek bakarrik egin dezake, giza-arrazaren gastutan, bizkortasunezko ase bat, hada batek ohakoan itxuraldatze ’ta maskaratzeko gostua, etxearen hastioa eta bidaietako hatsa emana dauzkonean. Jendetze, bakartze: hitz berdinak eta poeta egile ’ta emankorrak aldizka dezazkeenak. Bakartasunaren jendeztatzen eztakienak, eztaki ere jendalde higikor batean bakarrik izaiten. Poeta da lege berezi ezin berdindu hortaz gozatzen, bere nahitara bera izan baitaiteke edo bertze norbait. Gorputz baten bila dabiltzan arima erratuak bezala, sartzen da, nahi duenean, bakoitzaren baitan. Bakar harendako, oro hutsa da; eta leku berezi batzuek hetsiak zazkola iduri baldin badute, haren ustez ikusiak izaitea balio eztutelakotz da. Ibiltzale bakartu eta gogoetadunak xoramen berezi bat hartzen du ororen bateratze hortarik. Jendetzearekin errex ezkontzen den horrek badazagutza gozamen sukartuak, berekoia, khutxa bat bezala hetsia, eta auherra, karakol bat bezala garzelatua, hortarik betiereko gabetuak izanen baitira. Ofizio guziak bereak bezala hartzen ditu, gertaldiak aitzineratzen dauzkon bozkario eta miseria guziak. Gizonek maitasuna deritzotena ontsa ttipi da, ontsa hertsi eta ontsa ahul, mozkorreria ezin erran horren ondoan, arimaren saltze saindu horren, osoan emaiten baita, poesia eta garitate, agertzen den ustegabeari, badiragan ezezagunari. On da mundu huntako zoridun guzier batzuetan erraitea, ezpaliz ephe batez haien urgulu zozoaren aphaltzeko baizik, badirela haien zoriona baino handiagoak, zabalagoak, hautukoagoak. Kolonien ezarlek, jendalden artzainek, munduaren burura igorriak diren aphez misionestek, badadukete xoramen mixteriozko horietarik zerbait; eta, bere jeinuak egina dauen familia zabalaren erdian, irri badagikete batzuetan bere fortuna hoin higituaren eta bizi hoin garbiaren gatik hetaz urrikaltzen direnez.
Poema xipiak laxoan |