Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

VII

 

Eroa eta Benuza

 

         Zer egun mireskarria! Baratze zabala loriaz aldixartzera doa ekhi erretzalearen begiaren azpian, gazteria Maitasunaren menean bezala.

         Gauzen orotako xoramena harrabotsik batere gabe agertzen da; urak berak lo bezala daude. Gizonen bestetarik ontsa bertzela, asekeria ixil bat da.

         Badiduri beti handitzen ari den argi batek gauzak gero eta gehiago dirdira-arazten dituela; loreak sustaturik margoen gemenaz zeruko urdinarekin zein gehiagoka ari, eta beroak, usainak ikus-araziz, khe batzu bezala izarraren gana iganarazten dituela.

         Bizkitartean, orotako gozamen hortan, bizidun atsekabetu bati ohartu nako.

         Gaitzeko Benuz baten oinetan, ero izun horietarik batek, erregeri Urriki edo Asperraz hartuak direnean irri egin-arazteko kargua duten bere nahiz jostakin horietarik batek, buruan adar eta xintxa, oinazpikoaren kontra tinki-tinkia, begi batzu nigarrez beteak Jainkosa hilgaitzaren gana goititzen ditu.

         Eta begiek badiote:

         — «Gizakietarik azkena eta bakartiena niz, maitasunik, adixkidetasunik gabetua, eta hortan ihizi eskasena baino ontsa aphalago. Bizkitartean ni ere, Ederza betierekoaren entzuteko eta senditzeko egina niz! Ha! Jainkosa! urrikian harzkizu ene tristezia eta ene erotzea»

         Baina Benuz ezin-eztitua urrunera nik dakita zeri beha dago bere harbizizko begiekin.

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007