|
Poema xipiak laxoan
XXVII
Heriotze heroiko bat
Fancioulle jostakin miragarri bat zen, eta abantzu printzearen adixkidetarik. Baina ofizioz irri egin-arazteari emanak diren jendendako, gauza seriosek badituzte erakartasun hilgarri batzu, eta, nahiz aberriaren eta libertatearen ideiek komedialari baten buru-munak osoki har ditzatela bitxi iduri datekeen, egun batez Fancioulle sartu zen aitorenseme khexatu batzuek moldatua zuten zimarkuan. Orotan badira gizon ongi-egile batzu printzeak aurdiki eta, gizarte bat, huni galdegin gabe, lekuz aldatu nahi duten omore iluneko jende horiek gobernuari salatu nahi dituztenak. Delako jaunak hartuak izan ziren, Fancioulle ere, eta hiltzera segurki hitzemanak. Gogotik sinets nezake printzea abantzu gaitzitua izan zela jazartuen erdian bere komedialaria aurkituz. Printzea etzen bertze bat baino ez hobea ez gaitzagoa; baina sendikortasun gehiegitu batek, aldi ainitzetan, bere berdin guziak baino abreago eta tiranikoago bilakatzen zuen. Ederlanen maitale amorratua, bertzela ere ezagutzale hauta, atsegale egiazki ezin asea zen. Gizonen eta moralaren aldera guti axolatua, bera zinezko edergilea, aspertzea ezpada etzuen etsai lanjerosik ezagutzen, eta munduaren tirano horri ihes egiteko edo horren garhaitzeko egiten zituen indar bitxiek erakarriko zaukoten segurki, ixtoriogile biphil baten ganik, «mustro» izengoitia, haizu izana baliz, haren lurretan, bakar-bakarrik atseginera eta ustegabetzera —atseginaren molde xorrotxenetarik baita— etzeraman edozein gauzaren izkiriatzea. Printze horren zorigaitz handia nehoiz etzuela bere jeinuarendako aski zabala zen antzoki bat ukan ahal zen. Neron gazte batzu badira muga hertsiegietan ithotzen ari baitira, eta heldu diren mendeak egonen baitira betikotz haien izena eta gogo ona ezagutu gabe. Probidenzia zuhurtzia gabeak emanak zauzkon huni bere Estatuak baino handiagoko antzeak. Entzun zen bapatez soberanoak jazartu guzier garazia eman gogo zauela; eta erran horren ithurburua ikusgarri handi baten iragartzea izan zen, hartan Fancioulle-ek behar baitzuen bere egitaldi hoberenetarik bat eman, eta han behar baitzituen ere izan, zioten, aitorenseme kondenatuek; printze laidoztatuak, gaineratzen zuten gogo arinek, eskuzabaltasunerako zituen ixurien seinale ageria. Gizon jitez eta nahiz hoin bitxiaren aldetik, oro gerta ahal zaitekeen, bertutea bera, urrikalmendua bera, oroz gainetik ustegabeko atsegin batzu hor aurkituak izan ahal balitu. Baina nik bezala arima bitxi eta eri horren barnatasunak zilatuak ahal zituztenendako, itxura biziki gehiagokoa zen printzeak nahi zuela hiltzera kondenatua zen gizon batek antzokiko zituen ahalen neurriaz jujatu. Aldia erabili nahi zuen baitezpadako abantailekoa zizakon entsegu zikologiako baten egiteko, eta phorogatu edergile baten ahal ohikoak norano izan zaitezkeen hartan zen izanara ohigabekoaz andeatuak edo aldatuak. Hortik hara, bazena haren ariman urrikalmendurako xede guti edo aski hartu bat? Azkenean, egun handi hura jinik, gorte xipi horrek bere ospe guziak erakustera eman zituen, eta asmatzea neke lizateke, ikusia ukan gabe, Estatu xipi bateko jende abantailduak, atherabide mugatu batzuekin, egiazko ospakizun bateko zenbat mirazko gauza erakuts dezakeen. Hori bietan egiazkoa zen, lehenik hedatua zen aberatseriaren xoragarriaz, gero eratxikia zizakon moraleko balio mixteriozkoaz. Fancioulle jauna ezin hobea zen bereziki egitaldi mutu edo hitz gutirekilakoetan, lehen-lehenak baitira biziko mixterioaren itxuratzeko gaia duten iduripenezko drama horietan. Tauladan sartu zen arinki eta errextasun oso batekin, horrek azkartzera ekharri baitzuen, ikusle noblen baitan, eztitasuneko eta barkamenduko gogoa. Komedialari batez erraiten denean: «Horra komedialari on bat», erabiltzen da komedialariaren gibelean oraino jendea bera asmatzera uzten dela entzun-arazi nahi duen itzuli bat: erran nahi da antzea, indarra, nahia. Bada, komedialari bat hel balaiteke erakutsi behar duen personaiari doakonaz, aro zaharreko gizaiduri hoberenak, mirakuluz bezala bizi direnak, erne, ibilki, ikusle, ederraren ideia orotako eta nahasiaren aldera lizatezkeenak izaitera, hori, dudarik gabe, gertaldi berezi bat lizateke ’ta osoki ustegabekoa. Fancioulleek egin zuena, arrats hartan, betegina izan zen, ezpaitzaitekeen sinets etzela bizia, izan zaitekeena, egiazkoa. Jostakin hura joaiten zen, jiten, irriz ari zen, nigarrez, daldaran, buru inguruan urre-korona ezin hautsi batekin, guziendako ezin ikusia, baina nik ikus nezakeena, hartan nahasten baitziren edergintzako arraiak eta martiraren loria. Fancioulle-ek sartzen zituen erokeria urragarrietarano, nik dakita zein garazia bereziaren bidez, jainkozkoa eta naturaz gainekoa. Luma daldaratzen zata, eta beti hor den bihotz-hunkitze baten nigarrak heldu zazta begietara zueri arrats ezin ahatzi horren erakustera entseatzen ari nizanean. Fancioulle-ek phorogatzen zautan, ara ezin ihardoki, ezin ukatu batez, ederlanak bademan zoramena bertze edozein baino gaiago dela lezeko lazten gordetzerako; eta jeinuak komedia joka dezakeela hilhobiaren hegian hilhobi horren ikustea debekatzen daukon bozkario batekin, galdua baita hilhobi eta hondamen orotako gogoa baztertzen duen parabisu batean. Hor ziren ikusle guziek, izan zatezkeen bezain soraiotuak eta arinak izanik ere, laster jasan zuten edergilearen nagusitasun osoa. Nehor etzen gehiago egon herioaz, doluaz, ez gaztigu bortitzez ametsetan. Bakoitza utzi zen, khexurik gabe, bizi den ederlaneko egintza nagusi batek badematzan atsegin ainiztuetara. Bozkarioaren eta miresmenaren jauztek etxearen gangak aldi andana batez inharrosi zituzten ortzanz jarraiki baten gemenarekin. Printzeak berak, zoratua, esku zartak nahasi zituen bere gortekoenekin. Bizkitartean, argi zakusan begi batendako, haren zoramena etzen nahastekatzerik gabekoa. Bere tirano botherean garhaitua sendi zena? Bihotzen laztatzeko eta gogoen zurruntzeko zuen antzean aphaldua sendi? Horrelako aieruak ez osoki phorogatuak, baina ez osoki ezin phorogatuak ere, gogotik iragan zizaztan printzearen aurpegiari beha nindagolarik, hartan histura berri bat gehitzen baitzizakon ohiko histurari, elhurra elhurrari egiten den bezala. Ezpainak gero eta gehiago tinkatzen ari zizazkon, eta begiak bekaizkeriaren eta gorromioarena bezalako barneko su batez argitzen, bere adixkide zahar, jostakin bitxiaren antzeak, herioa hoin ontsa irriegingarri egiten zuenarenak, esku zartatzen zituen bitartean. Ordu batez, ikusi nuen Haren Goitasuna gibelean xuxen zuen nerabe xipi baten beharrira gurtzen, eta hari mintzatzen. Haur xipi ernearen begitartea irriño batez argitu zen; gero bizi-bizia joan zen printzearen egongiatik, eginbehar lehiatu baten betetzeko bezela. Zenbait minuta berantago xixtu zorrotz, luze batek moztu zuen Fancioulle bere jokaldi hoberenetarik baten erdian, eta urratu zituen aldi berean beharriak eta bihotzak. Eta ustegabeko gaitzespen hori jalgia zen salako gunetik, haur bat bazoan lasterrez barnebide batera, irri gorde batzuekin. Fancioulle-ek, inharrosia, ametsaren erdian atzarria, lehenik begiak hetsi zituen, gero abantzu berehala berrideki, neurririk gabe handituak, ahoa ideki ikharan hats hartzeko bezala, apur bat aitzinera egin haldamaldaka, apur bat gibelera, eta gero taulen gainera hil-hotza erori zen. Ziztuak, ezpata bezain laster, burregoa egiazki gabeturik utzi zuena? Printzeak berak asmatua zuena bere amarruaren indar hiltzale guzia? Dudan egoitea haizu da. Urrikitu zena bere Fancioulle maite ezin berdinduaz? Horren sinestea ezti da eta zuzen. Aitorenseme ogendunak komediaren ikusteaz azken aldikotz gozatuak ziren. Gau berean bizitik ezabatuak izan ziren. Geroztik, ihakintzale batzu, zuzenki estimatuak, jin dira ...ren gorte aitzinean jokatzera; baina bat ezta izan Fancioulle-ren antze lilluragarriez orhoit-arazi duenik, ez eta haren fagore berera igan denik.
Poema xipiak laxoan |