Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XXII

 

llunabarra

 

         Eguna badoa. Jabaldura handi bat egiten da eguneko lanak akhitu dituen izpiritu gaizoen baitan; eta haien gogoetek hartzen dituzte orai ilunabarraren margo samur nahasiak.

         Bizkitartean mendiaren gainetik heldu zata ene galeriara, arratseko hedoi argalen artetik, orro handi bat, molde orotako oihu eli batez egina, aireak harmonia ilun batera aldatzen duena, goiti doan itsasaldiarena edo atzartzen ari den ekaitz batena bezala.

         Zein dira arratsak eztitzen eztituen zorigaitzekoak, gauaren erortea hartzen baitute, hala nola huntzak, akelarre baten seinaletako? Uhuria ilun hori heldu zaiku mendi gainean jarria den eritegi beltzetik; eta, arratsean, pipatuz eta ibar handiaren atsedenari beha, hango etxe andanako leiho bakoitzak baitio: «Hemen bakea da orai; hemen familiako bozkarioa!», haizeak gain hartarik ufatzen duenean, ene gogamen ustegabetua leria dezaket ifernuko harmonien ihakin hortaz.

         Ilunabarrak asalda-arazten ditu eroak. — Orhoit niz ukan ditutala ilunabarrak osoki eritzen zituen bi adixkide. Batek orduan adixkidantzako eta jendetasunezko arau guziak galtzen zituen, eta gaizki ari zizakon, basa bat bezala, lehenbiziko aurkituari. Ikusi dut ostatu bateko mahizainari burura hauteko oilasko baten botatzen, uste baitzuen hartan nik dakita zein izkirio bitxi bazakusala. Arratsak, atsegin barnatuen aitzin-bidaria, gauza hoberenak andeatzen zauzkon.

         Bertze bat, handi-nahi gaitzitu bat, eguna beheiti zoan arau, saminago bilakatzen zen, ilunago, kitzikalariago. Egunaz oraino urrikaltsu eta jendekina, arratsean etzuen barkatzerik; eta haren ilunabarreko ohidura gaixtoa etzen bakarrik bertzen gainera, baina berera errabiatuki erortzen.

         Lehenbizikoa eroturik hila da, bere emaztea eta haurrak ezin ezagutuz; bigarrenak badaduka berekin betiereko gaitzaldi baten khexua, eta errepublikek eta printzek eman dezazketen ohore guziez sariztatua baliz ere, uste dut haren baitan ilunabarrak phitz lezakeela oraino asmamenezko laudorio batzuen gutizia sutsua. Gauak, haien gogoetan bere ilunbeak ezartzen zituelarik, enean argia emaiten du; eta, nahiz ezten arrazoin berak bi ondorio kontrako emaiten dituela ikustea gauza bekana, hortaz beti gogoetatua izan niz eta khexatua.

         Oi gaua! oi ilunbe goxatzaleak! barneko jei baten seinalea zirezte enetako, antsia batetik arintzea! Ibarretako bakartasunean, hiri-nagusi bateko itzulika harritsuetan, izarren dirdiran, gabargien phindartzean, jainkosa Libertatearen suikusgarria zirezte!

         Ilunabarra, zein ezti ziren eta goxo! Hedoi-ertzean oraino herrestatzen diren leinuru gorraxtek hala nola egunaren azken hatsa gauaren hertsatze garhailearen azpian, karriketako argien su gorri nahasi batekoek sortaldeko azken lorietan, Orienteko urrunetarik esku ezin ikusi batek ekharr-arazten dituen oihaleria phizuek, badidurite biziko oren ospekoetan gizonaren bihotzean guduka ari diren sendimendu ezberdinak.

         Balidurike oraino jantzarisen arropa bitxi hetarik bat, gaza argal ilun batek uzten baititu artetik ikustera zaia distiratu baten aberastasun eztituak, orai beltz hunen azpian iragan goxoa agertzen den bezala; eta urrez eta zilharrez daldaratzen diren izarrek, hetaz ihaurtua baita, itxuratzen dituzte asmamenaren suak, ezpaitira Gauaren dolu barnatuan baizik ontsa phizten.

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007