|
Poema xipiak laxoan
IV
Jostagarri bat
Urte berriko jauztea zen: lohi eta elhur baltsa, mila karrosa erditik joanki, jostagailu eta ononez phindarretan, gutizia eta etsipenak ihaurri, hiri handi baten erotasun ofiziala bakarti azkarrenaren buru-munen nahasteko egina! Hirrun-harrun eta harramantza horren erdian, arsto bat bazoan bizi-bizia, azote bat eskuan zuen zartzail batek akhulaturik. Arstoa oinbide baten izkinan itzultzera zoanean, jaun eder bat eskularruekin, bernizatua, lephokoaz bortizki tinkan eta jantzi berri-berri batzuetan preso, zeremoniarekin gurtu zen abere xumearen aitzinean, eta erran zaukon, burukoa ekhenduz: «Ona eta zoriduna agiantzatzen dautzut!» gero itzuli zen nik dakita zein lagunen aldera bere buruaz askietsia denaren itxuran, haren loriari bere baieztamendua eman zezoten othoizteko bezala. Arstoak etzuen jostagarri eder hori ikusi, eta lasterretan jarraiki zen arthoski bere eginbideak deitzen zuen lekura. Ni aldiz, bapatez neurtezinezko errabia batez hartua izan nintzan zozola mirazko horren gana, Frantziako izpiritu guzia bere baitan biltzen zuela iduritu baitzizatan.
Poema xipiak laxoan |