|
Poema xipiak laxoan
XLIII
Tirokari galanta
Karrosa oihan baten iragaiten ari zelarik, geldi-arazi zuen tiro egiteko leku bati hurbil, bala zenbaiten tiratzea gozagarri izanen zizakola erranez, Aroaren biltzeko. Mustro horren hiltzea, eztea bakoitzaren egiteko ohitu eta zuzenena? Eta eskua galanki eskaini zaukon bere emazte maite, hauteko eta hastiagarriari, hainbertze atsegin, hainbertze atsekabe, eta behar bada ere bere jeinuaren zati handi bat zor dauzkon mixteriozko emazte hari. Bala batzuek behar zen lekutik urrun jo zuten; bat tronaduran sartu zen ere; eta andere xoragarria eroki irriz ari baitzen, senarraren errebeskeriaz trufatuz, hau haren aldera itzuli zen bapatez, eta erran zaukon: «Behazu panpina hari, hantxet, eskun, sudurra airera baitaduka eta itxura hain handi. Oizu, aingeru maitea, zu zirela iduritzen zata.» Begiak hetsi zituen eta tiratu. Panpinak burua garbiki moztua ukan zuen. Orduan bere emazte maite, hauteko eta hastiagarriaren gana gurtuz, bere Muse ezin hutsegin eta ezin urrikalduaren gana, eta eskua hari errespeturekin apatuz, gaineratu zuen: «Ha! aingeru maitea, zenbat eskertzen zitutan neure tiro zuzenaz!»
Poema xipiak laxoan |