|
Poema xipiak laxoan
XI
Basemaztea eta anddere xipia
«Zinez, andere maitea, neurririk eta urrikirik gabe akitzen nauzu; badiduri, zure entzutean hasperenka, hiruretan hogei urtetako buruxka biltzaleak eta ostatu athetan ogi azal biltzen ari diren eskelarisak baino gehiago oinazkatua zirela. »Zure hasperenek erran nahi balute bederen urrikitzea, ohore zenbait eman lezazukete; baina eztiote ontsa izanaren asea eta atsedenaren akidura baizik. Eta gero, etzira elhe hutsal batzuen hedatzetik gelditzen: «Ontsa maita nezazu! hain niz horren beharretan! Konsola nezazu hemendik, phereka bertzetik!» Oizu, zure sendatzera entseatu nahi dut; hortako bidea hatzemanen dugu behar bada, bi sosetan, besta baten erdian, eta urrunago joan gabe. »Ontsa beha dezagun, othoi, burdinazko kaiola horren gibelean zalapartaka ari baita, danatu bat bezala orroaz, burdinak inharrosiz atzerrian sumindua den orang-utang bat iduri, berdin eginez, beteginki, noiz tigre baten jauzi-inguruak, noiz hartz zuriaren halda-malda zozoak, zurea aski urrundik itxuratzen duen moldeko mustro iledun horri. »Mustro hori ohiki «ene aingerua!» erraiten zakon ihizi horietarik da, erran nahi dut emazte bat. Bertze mustroa, buru haustekotan oihuka ari dena, makila bat eskuan, senarra du. Emaztea burdinetan ezarria du ihizi bat bezala, eta bazter-herrietan erakusten du, feria egunetan, lege-gizonen baimenarekin, erran gabe doa. »Behazu ontsa! Ikusazu zein amikatuki (ez alegiaz behar bada!) urratzen dituen bere ihizi-zainak botatzen dauzkon lapin biziak eta oilo tiutalariak. «Goazen, dio, eztun ontasun guzia egun batez jan behar», eta, elhe zuhur hortan, bortizki ekhentzen dauko bazka, hunen hertze hustuak baitaude ephe batez ihizi abrearen hortzetan dilindan, emaztearen, erran nahi dut. »Goazen! makila ukaldi on bat haren eztitzeko! ezen begi gutiziaz laztagarri batzu itzatzen ditu ekhendu zakon janarian. Jainko Handia! makila ezta alegiazko makila bat, entzun duzua haragia joiten, ile falsua hor izanik ere? Begiak burutik jalgitzen zazko ere orai, orroaz ari da naturalkiago. Bere errabian, phindarretan da guzia, joiten den burdingoria bezala. »Horrelakoak dira Eba ’ta Adanen bi ondoko horien ezkontarak, zure eskuen lan horienak, oi ene Jainkoa! Emazte hori segurki zorigaitzekoa da, nahiz ororen buruan, behar bada, loriaren gozamen kilikariak etzazkon ez ezagunak. Badira ezin erremediatuzkoagoko zorigaitzak eta ordaintze gabeak. Baina hartara egotzirik izana den munduan, ehoiz eztu sinetsi ahal ukan emazteak bertze zori bat merezi zuela. »Orai, gu bier, prezios maitea! Mundua betetzen duten ifernuak ikusiz, zer nahi duzu goga dezatan zure ifernu pollitaz, eztuzularik zuk atsedenik hartzen zure larrua bezain oihal leunetan baizik, jaten haragi errerik baizik, eta mutil trebe batek hartzen dautzularik janariaren xehatzeko artha? »Eta zer erran nahia ukan dezakete enetako zure bulhar usain ondua hantzen duten hasperen ttipiek, kriketa bizkorra? Eta liburuetan ikasi fazoin horiek guziek, eta bihotz ilundura ezin hezi horrek, ikuslearen baitan urrikitik osoki bertzelako sendimendu baten phitz-arazteko eginak? Egiazki, batzuetan hartzen nau zuri egiazko zorigaitza zer den erakusteko gutizia batek. »Zu horrela ikusiz, ene eder beratza, oinak lohian eta begiak ezti-arinki zerura itzulirik, hari errege baten galdatzeko bezala, idealari hel eginez ari den igel gazte bat erran daiteke zinez. Zurhabea gutiesten baldin baduzu (zuretako hala bainiz orai, ontsa dakizun bezala), guardi eman «bere nahitara kurruxkatuz iretsiko zituen»lertsunari! »Poeta izana gatik, eniz sinetsi nahi zinukeen bezain enganakor, eta usuegi akhitzen baldin banauzu zure zinkurina preziosez, eginen dautzut basemazteari bezala, edo leihotik egotziko zitut, botoila huts bat bezala.»
Poema xipiak laxoan |