Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XLVIII

 

Mundutik hara nun nahi

 

         Bizi hau ospitale bat da eri bakoitza ohez aldatzeko gutiziaz hartua dena. Hunek nahi luke berotzekoaren ondoan sofritu, eta horrek leiho aldean senda laitekeela uste du.

         Badidurit han enizan lekuan beti ontsa nintzatekeela, eta egoitzaz aldatzeko gai hori ene arimarekin ethengabe eztabadatzen dutana da.

         «Erradak, arima, arima gaizo hoztua, zer goga hezake Lisbonan bizitzeaz? Han aroa bero datekek, sugandila bezala berriz bizkor hindaiteke. Hiri hori ur bazterrean da; badiote harbiziz egina dela, eta jendeak hain duela landarekia hastio, nun zuhatz guziak errotik atheratzen baitira. Horra ene gostuaren araberako eskualde bat; argiz eta harrikiz egin eskualde bat, eta ura haien mirailtzeko!»

         Arimak eztu ihardesten.

         «Atsedena hainbertze maite dukanaz geroz, higitzen ikustearekin, nahi duka jin Holandan bizitzera, lur dohatsugarri huntan? Behar bada jostatuko hiz haren iduria erakustokietan usu miretsi dukan herri hortan. Zer goga hezake Rotterdam-ez, hi untzi-hagen oihana maite dukana, eta untziak etxen oinean estekan?»

         Ene arima ixilik dago.

         «Batavia-k josta hindezake behar bada gehiago? Aurki ginezakek ere Europako izpiritua edertasun tropikalarekin ezkondua.»

         Hitzik ez. — Arima hila ote nuke?

         «Zurrundurako hein hartara eroria hiza bada nun ezpaihiz gaitzean baizik gustatzen? Horrela baldin bada, ihes badagigun Herioaren idurikoak diren herrietara. — Badakiat zer, arima gaizoa! Malak eginen ditiaguk Torneo-rako. Goazen oraino urrunago, Baltikako azken burura; bizitik oraino urrunago, ahal bada; jar gaiten lur-buruan. Hor iguzkiak eztik lurra zeharka doi-doia baizik hunkitzen, eta argiaren eta gauaren aldizkatze geldiak ezberdintasuna ekhentzen dik eta handitzen beti berdina, ezteusaren erdi hori. Hor, hartzen ahalko ditiaguk ilunbezko mainu luzeak, artetan ipharreko goiz-argiek igorriko dauzkutek bere arrosa-kolorezko azauak, Ifernuko su-joko baten leinuruak bezala!»

         Azkenean, arima jauzten zata, zuhurtziarekin oihu eginez: «Nora nahi! nora nahi! mundutik hara den ber!»

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007