|
Poema xipiak laxoan
VI
Bakoitzak bere Ametsetakoa
Zeru hautsaran handi baten azpian, ibar handi erraustun batean, biderik gabe, soropilik gabe, khardo bat, asun bat ere gabe, gizon batzu aurkitu nituen, ukurturik zoazinak. Bakoitzak bazekarren bizkarrean gaitzeko Khimaera bat, irin edo ikatz zorro bat bezain, edo oinezko erromatar baten zama bezain phizua. Baina ihizi izigarria etzen phizu geldi bat; aldiz, gizona bere ginarri malgu eta indardunez inguratzen zuen eta zapatzen; lotzen zizakon bere aztapar zabalez zamariaren bularrari; eta haren buru alegietakoa gizonaren bidarraren gainetik zagon, lehengo gerlariek hetaz etsaien beldurra handituko zutela uste zuten kaska laztagarri bat bezala. Gizon hetarik bat galdekatu nuen, hea nora zoazin horrela. Ihardetsi zautan batere etzakiela, ez hark, ez bertzek; baina bazoazila norapait ageri zela, ibiltzeko indar ezin garhaitu batek bultzatuak zirenaz geroz. Ohartzeko gauza bitxia: bidaiari horietarik batek etzuen haserre iduri lephotik dilindan eta bizkarrean lotua zizakon ihizi abreaz. Aurpegi akitu eta serios horiek orok etzuten etsipenik batere erakusten; zeruko gopoil gogo iluntzalearen azpian, oinak lur erraustun zerua bezain lastimagarrian sartuak, bazoazin beti esperanzan egoitera kondenatuak direnen begitarte etsituarekin. Eta jende multzoa ondotik iragan zizatan eta hedoiertzeko lanbroan barna sartu zen, lurraren azal biribildua giza-behakotik gordetzen den gunean. Eta hisitu nintzan ephe zenbaitez mixterio hori zilatu nahiz; baina laster Axolagabe ezin ihardokia gainera erori zizatan, eta hartaz zamatua izan nintzan hek berak bere Khimaera lehergarriez baino phizukiago.
Poema xipiak laxoan |