|
Poema xipiak laxoan
XXIX
Bihotz oneko jokolaria
Atzo, karrika handiko jendetzearen artean, beti ezagutu nahi ukana nuen Izaite mixteriozko batez doi-doia hunkia senditu niz, berehala ezagutu bainuen, nahiz enuen ehoiz ikusia. Bazatekeen haren baitan, ene aldera, nahikaria berdin bat, egin baitzautan, iragaitean, begi kheinu errankor bat hari obeditzera lehiatu bainintzan. Oharpenekin jarraiki nindakon, eta laster jautsi nintzan lupeko egoitza batera, lilluragarria, han dirdiratzen baitzuen Parisko egoitza goragokoetarik batek behazun hurbil bat eskain elezakeen aberatseria batek. Hain usu zilo ospedun haren ondotik iragan ahala nintzala sartzeari ohartu gabe bitxi iduritu zizatan. Hor bazabilan aire hautuko bat, nahiz burura joiten zuena, abantzu ordu berean biziko itsuskeria akhigarriak ahatz-arazten zituena; dohatsutasun ilun batez hats-hartzen zen, «lotoz» jalek ukan zuketenaren berdintsua, betiereko arratsalde bateko leinuruek argitzen zuten irla xoragarri batean leihorreratuz, bere baitan sortzen senditu zutenean, ur turrusta eztiki airos batzuen soinu lokartzaletan, bere etxajainkoen, emazten, haurren ehoiz ez gehiago ikusteko gutizia, eta itsasoko uhain goren gainera nehoiz ez igaitekoa. Baziren hor ederza gaizkor bat bazerakusaten aurpegi bitxiekilako gizon eta emazte batzu, jadanik ikusiak nituela iduritzen baitzizatan ezin orhoit nindaitekeen aro eta herri batzuetan, eta anaietasunezko sendimendu bat eman-arazten baitzautaten, ohian ez ezagunaren ikustean sortzen den beldurra baino lehen. Edozein moldez mugatu nahi banu haien behakoen errankortasun berezia, banerrake nehoiz enuela ikusi aspertzearen laztaz eta bizi senditzeko gutizia betierekoaz gemen gehiagorekin dirdiratzen zuten begirik. Ene ostatzalea, eta ni, jadanik, jartzean, bi adixkide zahar eta oso ginen. Jan ginuen, mota orotako arno ohigabekoetarik neurririk gabe edan, eta, gutiago ohigabekoa ezten gauza, baziduritan, oren andana baten ondotik, enintzala hura baino mozkorrago. Bitartean jokoak, gizonaz gaineko atsegin horrek, aldi bat baino gehiagotan moztuak zituen gure edanaldi usuak, eta erran behar dut jokatua eta galdua nuela arima, zatiz estekatua, axolagabe eta arintasun handiz. Arima hain da gauza ezin hunkia, hain usu debaldekoa, eta batzuetan trabagarria, nun ezpainuen ukan, galtze hortaz, ene ikustaldietako karta ibilaldi batean galdua ukan baldin banu baino sendimen apur bat gutiagokoa baizik. Luzaz zigarro batzu erre ginituen haien gostu eta usain berdin gabeak arimari baitemote ezagutu eztiren herri eta zorion batzuen mina, eta, atsegin hautuko horietaz xoratua, ausartu nintzan, gostuko izan etzizakola iduritu etzuen extekotasun batekin, kopa gainerano bete bat hartuz erraitera: «Zure osagarri betikoari, Akher zaharra!» Solastatu ginen ere munduaz, haren egiteaz eta geroko suntsitzeaz; mendeko ideia handiaz, aitzinatze ’ta hobegarritasunaz, eta, orotara, giza-hanturaren molde guziez. Gai hortaz, Haren Goitasuna etzen irri-solas arin eta ezin ukatu batzuetan ixiltzen, eta mintzo zen gizonetako hitzlari aipatuenetarik baten baitan ediren eztutan erraiteko goxatasun eta atheraldietan gelditasun batekin. Argitu zautan lehenik gizonen buru-munez orai arteo jabetuak ziren filosofia moten arrazoingabetasuna, eta onhartu zuen ere funtsezko erregela batzuen eni segeretuan erraitea, ezpaitzata haizu horien abantailen eta ezagutzaren nehori salatzea. Etzen molde batez ere deitoratu munduko alde guzietan gozatzen duen aipamen gaitzaz, segurtatu zautan, berak ere, gehienik nahi zuena sineskeriaren suntsitzea zela, eta aithortu etzela, bere bothereari zoakonaz, aldi bakar batez baizik beldur izan, pheredikari bat entzun zuen egunean, bertzeak baino xotilagoa, pheredikategitik erraiten: «Anaie maiteak, ehoiz etzazuela ahatz, argien aitzinatzeaz mintzatzen entzunen duzuelarik, debruaren amarru ederrena zuer horrelakorik eztela sinets-araztea dela!» Hitzaldilari aipatu horren orhoitzapenak ereman ginituen naturalki akademien gaira, eta ene mahikide bitxiak erran zautan etzuela, ainitzetan, erakaslen lumaren, hitzaren eta konzienziaren argitzea gutiesten, eta bilkura akademikoetan abantzu beti han izaiten zela. Hoinbertze ongi-eginez sustaturik, galdatu naukon Jainkoaren berririk bazuenez, eta berriki ikusia zuenez. Ihardetsi zautan, halako trixtezia batez nahasia zen axolagabe batekin: «Elgar agurtzen dugu aurkitzen girenean, baina bi aitorenseme zahar bezala, jendetasun jitezko batek lehengo gorromio batzuen orhoitzapena osoki ahatz-araz eztauetenean.» Dudagarri da Haren Goitasunak hoin entzunaldi luzea hilkor laño bati ehoiz eman daukonez, eta sobera egoiteaz beldur nintzan. Azkenean, argi-hastearen daldarak berinak zuritzen ari zituenean, personaia aipatu hark, jakin gabean haren loriako lanean ari diren hanbat poetek eta hanbat filosofoek kantatu dutenak, erran zautan: «Nahi dut nitaz orhoitzapen on bat atxik dezazun, eta phorogatu nahi dautzut Ni, hain gaizki aipatua nizana, batzuetan debru on bat nizala, zuen itzuli hautetsi batez baliatzeko. Zure arimaz egina duzun galtze ezin erremediatuzkoaren ordaintzeko, zoria zurekin izan baliz irabaziko zinuen joko-saria emaiten dautzut, erran nahi dut Unhadura, gaitz bitxi horren arintzeko eta garhaitzeko ahala, zure eritasun guzien eta aitzinamendu ezteus guzien ithurburua baita. Gutizia bat eztuzu nehoiz moldatua ukanen, horren asetzera nik lagundu gabe; zure lagun arrunten errege izanen zira; lausenguz eta adorazionez ere hornitua; zilharra, urrea, diamantak, mirazko palazioak, zure bila ethorriko dira eta onhar ditzazun othoiztuko zituzte, zuk haien irabazteko indar bakar bat egin gabe; aberriz eta eskualdez aldatuko zira burutik iraganen zaizun bezain usu; atseginez mozkortuko zira, akhidurarik gabe, beti bero den eta han emaztek lorek bezain usain ona duten herri xoragarri batzuetan, —eta bertze, eta bertze...», zuen gaineratu zutituz eta ni irriño on batekin agurtuz. Hoin bilzarre handiaren aitzinean neure buruaren aphaltzeko beldurra izan ezpaliz, jokari bihotz oneko horren oinetara gogotik eroriko nintzan, bere eskuzabaltasun ez entzunaz eskertzeko. Baina emeki emeki, utzia ukan nuen ondoan, mesfidanza ezin sendatua golkoan berriz sartu zizatan; enintzan gehiago hoin zorion mirazkoaren sinestera menturatzen, eta, etzatean, ohidura zozo baten ondarraz oraino ene othoitzaren egitean, erdi~lo batean errepikatzen nuen: «Jainkoa! Jaun Jainkoa! debruak hitzeman dautana atxik dezan egizu!»
Poema xipiak laxoan |