|
Poema xipiak laxoan
XXX
Soka
Edouard Manet-i
«Lilluramenak —erraiten zautan adixkideak—, behar bada, gizonek elgarren artean edo gauzekin dituzten loturak bezain ezin khondatuak dira. Eta lilluramena ezeztatzen denean, erran nahi da izaitea edo gauza gutarik kanpo den bezala dakusagunean, sendimendu bitxi batek hartzen gitu, erdia urrikiz ametsetakoa ezeztatu delakotz, erdia berri zaukunaren, gauza denaren aitzinean ustegabe goxagarriz. Zerbait baldin bada agerian dena, arrunta, beti berdina, eta den hartaz enganatua izan eztaitekeena, ama baten maitasuna da. Maitasunik gabeko ama baten asmatzea berotasunik gabeko argi baten egitea bezain neke da; ama batek, bere haurraz ari denean, egiten dituen egintza eta elhe guzien emaitea maitasun horren gain ez ote da beraz osoki zuzen? Eta bizkitartean, ixtorioño hau entzun ezazu, hor lilluramen ezin ohikoago batez bereziki hatzemana izana bainiz. »Ene margolaritzako ofizioak nahi du bidean eskaintzen zaztan begitarter, aurpegier beha dezeetan ohartuki, eta badakizu zer atsegina hartzen dugun bizia begietara bertze gizonendako baino bizidunago eta errankorrago egiten daukun dohain hortarik. Bizi nizan auzoalde baztertuan, hartan soropilezko eremu zabal batzuek berexten baitituzte oraino eraikuntzak, usu haur bati beha nindagon haren begitarte suharra eta ernea bertze guziak baino gehiago gustatu baitzizatan berehala. Aldi bat baino gehiagotan enetako geldirik jarri da, eta aldatu dut noiz bohamu xipi, noiz aingeru, noiz mithologiako Maitasunetara. Ekharr-arazi dauzkot erromesaren arrabita, Pasioneko Elhorri Korona eta Itzeak, eta Erozen zuzia. Hartu nuen azkenean muttiko horren ernetasunean atsegin hain bizi bat, egun batez aitamer, jende behartu batzu, eskatu bainauen utz zezataten, ontsa jantziko nuela hitzemanez, diru zenbait emanen naukola eta ene pinzelen garbitzeaz eta komisionen egiteaz bertze nekerik ez galdeginen. Haur hura, ikuzirik, gozagarri bilakatu zen, eta ene etxean zeraman bizia parabisu bat iduritzen zizakon, etxeko atherbe gaixtoan jasanen zuenaren aldean. Erran behar dut bakarrik gizon xipi hark batzuetan ustegabetu ninduela bihotz-ilundura goiztiarreko gaitzaldi batzuez eta berehala erakutsi zuela azukarrerien eta edariendako gostu neurrigabekoa; hainbertzetarano nun egun batez ikusi nuenean nik usu erasiaturik ere, mota hortako ebaste xipi bat egina zuela oraino, aitamen etxera itzul-arazteaz mehatxatu bainuen. Gero athera nintzan, eta ene egitekoek aski luzaz etxetik kanpo atxiki ninduten. »Nolakoak etziren izan ene lazta eta ustegabea, etxera sartzean, behakoa jo zautan lehenbiziko gauza ene gizonttoa izan zenean, biziko lagun ernea, harmairu hunen oholetik dilindan! Oinek zola abantzu hunkitzen zaukoten; kadera bat, oinaz urrundua zukeena, haren ondoan aurdikia zagon; burua soingainera beheititua zizakon; begitarteak, hantua, begiek, zabal-zabala idekiak behako geldi laztagarri batekin, bizi zelako iduripena eman zautaten. Haren jaustea etzen uste dukezun bezain lan errexa izan. Azkarki gogortua zen jadanik eta banuen higundura ezin argitu bat bapatean lurrera erortzen uzteko. Guzia behar zen beso batez atxiki, eta, bertze besoko eskuaz, soka moztu. Baina hori egin eta, etzen oro egina; mustro xipia estekagailu biziki mehe batez baliatua zen haragietan barna sartua baitzizakon, eta behar zen orai, haixtur mehe batzuekin, soka bilatu hanturaren bi alderdien artean, lephoaren laxatzeko. »Ahatzi dautzut erraitea heiagoraz bizi-bizia ari izana nintzala; baina auzo guziek etzuten ene laguntzera jin nahi ukana, hortan gizon zibilizatuaren ohidurer jarraikiz, ehoiz ezpaitu nahi, nik dakita zergatik, urkatu baten egitekoetan sartu. Azkenean mediku bat ethorri zen, erran baitzuen haurra zenbait orenez geroz hila zela. Gero, ehortzeko buluzi behar ukan ginuenean, gorputza hanbatetarano zen gogortua nun, zango-besoen higi-arazteaz etsituak, soinekoen ekhentzeko urratu eta moztu ukan behar baiginituen. »Komisariak, ixtripua zuzen zen bezala erran behar ukan bainaukon, bazterrez so egin zautan, eta erran: “Horra ilun dena!” ogengaber ogenduner bezala beldur emaiteko gutizia ahitu eta ofizioko ohidura batek iduriz sustaturik. »Lan bat zen egitekoa gelditzen: aitamak abisatu behar ziren. Oinek eninduten hara ereman nahi. Azkenean kuraia hori ukan nuen. Baina, ene ustegabe handian, ama sorgor gelditu zen, nigar batek etzaukon begi bazterra busti. Bitxikeria hori sendi zukeen lazta beraren gain eman nuen, eta erran ezagunaz orhoitu nintzan: “Bihotz-min izigarrienak bihotz-min ixilak dira.” Aitak aldiz, itxura erdi zozotu, erdi ametsetako batekin, hunen erraitea aski ukan zuen: “Ororen buruan, behar bada horrela izaitea hobe da; gaizkira itzuliko zen!” »Bitartean, gorputza ene ohexkaren gainean etzana zen, eta, sehi batek lagundurik, azken antolamenduetan ari nintzan, ama langiara sartu zenean. Nahi zuen, zion, semearen gorputza ikusi. Enezakeen, egia, bere zorigaitzaz burxoratzetik traba eta konsolamendu goien eta azken hori ez onhar. Gero othoiztu ninduen haren haurra urkatua zen lekua erakuts nezon. “Oi! ez! anderea, —ihardetsi naukon—, min emanen dautzu.” Eta ene begiak nahigabean harmairu zorigaitzekoaren aldera itzultzen baitziren, ohartu nintzan, laztaz eta haserrez nahasia zen narda batekin, itzea taulan gelditua zela oraino herrestan zagon soka zati luze batekin. Jauzi nintzan bizi-bizia behargabearen azken hatz horien ekhentzeko, eta leihotik kanpora botatzera nindoanean, emazte gaixoa besotik lotu zizatan eta mintzo ezin ihardoki batekin erran zautan: “Oi! Jauna! utzatazu hori! othoi! othoi!” Etsipenak, iduritu zizatanaz, hanbat zukeen erotua, nun sendimenduak hartzen baitzuen orai semearen heriotzeko tresnaz baliatua zenarendako, eta atxiki nahi zukeen erlika lazkarri eta maite bat bezala. — Eta itzeaz eta estekagailuaz jabetu zen. »Azkenean! azkenean! guzia egina da. Etzizatan berriz lanari lotzea baizik gelditzen, ohian baino ere zain gehiagorekin, oraino ene burumunetako izurduretan zabilan hil xipi horren apurka haizatzeko, haren itxurak bere begi geldiekin akhitzen baininduen ere. Baina biharamunean eskutitz andana bat ukan nuen: batzu ene etxeko alokarien ganik, bertze batzu auzoko etxetarik; bat lehenbiziko estaiatik; bertze bat bigarrenetik; bertze bat herenetik, eta aitzina horrela, batzu molde erdi-jostakinean, galdearen zintzotasuna azaleko josteta baten azpian gorde nahiz bezala; bertzeak dorpeki ozarrak eta ortografiarik gabe, baina oro helburu berera, erran nahi da eneganik soka zorigaitzeko eta ongikinaren zati baten ukaitera. Izen emailetan bazen, erran behar dut, gizon baino emazte gehiago; baina etziren oro, sinetsazu bada, jende-lerro ezteus eta arruntekoak. Eskutitz horiek atxikiak ditut. »Eta orduan, bapatez, ene buruan argi bat egin zen, eta hartu nuen ama zergatik zen hain atxikia eni estekagailuaren ekhentzera eta hura nola baliatuz zuen konsolatu nahi.»
Poema xipiak laxoan |