|
Poema xipiak laxoan
XLV
Tiroa eta hilherria
Hilherri aitzinean, Edandegia. «Izen bitxia, —egin zuen bere baitan gure ibilkariak— baina egarri emaiteko ontsa egina! Segurki, ostatu hunen jabeak Horazio eta Epikuren olerkari jarrailen estimatzen badaki. Ezagutzen duke ere behar bada Egiptiar zaharren xotiltasun barnatua, aphairu onik ezpaitzen haiendako korpezurrik gabe, eta biziaren laburtasuneko ikur zenbait gabe.» Eta sartu zen, garagarno baso bat edan zuen hilhobien aitzinean, eta zigarro bat emeki erre. Gero, hilherrira jausteko burukeria batek hartu zuen, belarra hain gora baitzen eta gomitatzale, eta iguzki hain ospedun bat han nagusi. Alabaina, argiak eta beroak besta zuten, eta bazidurien iguzkia luze-luzea ihaloska ari zela lore mireskarri batzuezko tapizan, suntsitzeaz gizenduak. Biziaren zurrumurru neurrigabe batek betetzen zuen airea, —ezin xipiagoen bizia—, arte berdinetan auzoko tirogune bateko zirtez hautsia, xanpañako buxunen jauzteak bezala joiten baitzuten zinfonia eztitu bateko burrunban. Orduan, buru-munak berotzen zauzkon iguzki-pean, eta Herioaren usain gartsuzko airean, mintzo bat entzun zuen jarria zen hilhobiaren azpitik ahapeka. Eta mintzo horrek zion: «Madarika daitela zuen jo-mugak eta karabinak, bizi harrabostunak, hain guti axolatzen baitzirezte hilez eta haien atseden jainkotarraz! Madarika zuen handi-nahiak, madarika zuen karkulak, bizi ezin egonak, hiltzeko egintzaren ikastera Herioaren saindutegi ondora heldu zireztenak! Saria zein irabaz errexa den baldin bazinakite, helburua zein hunki errexa, etzinaitezke hoinbertze neka, bizi langileak, eta gutiago nahas zinezazkete aspaldidanik Jo-mugan eman dutenak, bizi hastiagarriko helburu egiazkoan!»
Poema xipiak laxoan |