Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XXV

 

Dorothea ederra

 

         Iguzkiak hiria lehertzen du bere argi zuzen izigarriaz; ondartza lilluragarri da eta itsasoko miraila dirdiran. Mundua harritua lazoki erortzen ari da eta etzanaldi egiten, herio goxagarri mota bat den etzanaldia hartan lo egileak, erdi atzarririk, bere ezeztatzearen atseginak jastatzen baititu.

         Dorothea bizkitartean, iguzkia bezala azkar eta urgoi, aitzina badoa karrika hustuan, zeru neurrigabearen azpian oren hortan bizidun bakarra, argian badagiela orbain beltz dirdiradun bat.

         Aitzina doa, bere soin-enbor hain mehea guriki leriatuz hanka hain zabalen gainean. Zetazko zaia tinkiak, kolorez argi eta gorraxtak, hauste bizi bat egiten du haren larruaren ilunean eta zuzen-zuzena moldatzen dauzko soinara luzea, bizkar bildua eta ugatz xorrotxa.

         Ekitako gorriak, argia iraziz, aurpegi ilunera egozten dauko bere leinuruen thindu odoldua.

         Duen adats neurrigabe abantzu urdinaren phizuak gibelera baderamako buru hain beratza itxura garhaile nagi bat emanez. Dilindako phizudun batzuek segeretuki gurguriatzen dute haren beharri pollitetan.

         Noiztenka itsas-haizeak goititzen dauko airera zaiaren izkina eta zango dirdiratu miragarria erakusten; eta oinak, Europak erakustetxetan hesten dituen harbizizko jainkosen oinen idurikoa, bere moldea zuzenki uzten du ondartz arinean. Ezen Dorothea hain handizki da kriketa nun miretsia izaiteko atseginak gainditzen baitu haren baitan emazte liberatuaren urgulua, eta, nahiz libro den, oinetakorik gabe dabil.

         Horrela badoa aitzina, neurtuki, bizitzeaz zorionean eta irriño xuri batez irriz, urrundik ikusten balu bezala airean bere urratsa eta ederra leinuratzen dauzkon mirail bat.

         Ausikitzen dituen iguzki-pean zakurrak berak oinazez intziraka daudenean, zer arrazoin azkarrek derama bada horrela Dorothea nagia, burdin-horia bezain eder eta hotza?

         Zergatik du bere etxola xipi hain aphainki antolatua utzi, han lore ’ta zaretek gastu gutiz andere-saloin oso bat baitagite; han hainbertze atsegin hartzen baitu orraztatzen, pipatzen, bere buruaren airezta-arazten edo lumaz aphaindu aireztatzekoen mirailan berari behatzen, itsasoak, hortik ehun urratsetan ondartza joz, haren ametseria nahasier laguntza azkar berdin bat badagien bitartean, eta burdinazko eltzeak, hartan irrisa eta zafranarekilako karamar egosari bat ari baita, igortzen dauzkolarik, korralearen zolatik, bere usainon phizkarriak?

         Hitza hartua duke aitzindari gazte zenbaitekin, hunek, ondartz urrun batzuetan, entzuna baitu Dorothea aipatuaz mintzatzen. Huts egin gabe, othoiztuko du, jende lañoak, Operako dantzaldia nola den erran dezon, eta galdeginen hara onthutsik joan daitekeenez, igandeko jantzetara bezala, han Kafrasa zaharrak berak mozkor bilakatzen baitira eta bozkarioz erotzen; eta ere Parisko andere eder guziak hura baino ederrago direnez.

         Dorothea orotaz miretsia da eta maitatua, eta zorion osoan lizateke ezpaliz piastra piastraren gainean metatzera bortxatua hameka urte dituen, eta ja zohitua, eta hain ederra den ahizpa xipiaren berrerosteko! Hortara helduko dateke, Dorothea ederra: haurraren nagusia hain da zikoitza, zikoitzegia diruen edertasunaz bertze baten senditzeko!

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007