Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XXXVIII

 

Egiazkoa zein da?

 

         Benedicta delako bat ezagutu dut, airea ezin-hobeaz betetzen baitzuen, eta haren begiek hedatzen baitzuten handitasunaren, ederraren, ospearen eta ezin hiltzea sinetsarazten duen ororen gutizia...

         Baina mirakuluzko nexka hura ederregia zen luzaz bizitzeko; nik ezagutua ukan eta zenbait egunen buruan hil da ere, eta nihaurek dut ehortzi, primaderak bere isensu-untzia hil-herrietarano baderabilan egun batez. Nik dut ehortzi, Indiakoak bezalako zur usainondu eta ezin ustelduzko khutxa batean.

         Eta ene begiak itzatuak baitzauden ene thesora luperatua zen lekuan, ikusi nuen bapatez hilaren egite berezia zuen jende xipi bat, eta, lur berriki itzulian oinka, bortiztasun izteriko eta bitxi batekin baziona, irri karkailetan: «Egiazko Benedicta, ni niz! Ni, ematzar aipatu bat! Eta hire erotasunaren eta itsutasunaren zigorrez, maitatuko nuk nizan bezala!»

         Baina nik, sumindua, ihardetsi dut: «Ez! Ez! Ez!» Eta ene ezaren hobeki entzun-arazteko, lurra oinaz hain bortizki jo dut, nun zangoa belhaunerano sartu baitzata hil-hobi berrian, eta, otsoa sarean hartua bezala, estekaturik bainago, betiereko behar bada, ametsetakoaren hobian.

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007