Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XXXII

 

Ziri xingoladuna

 

Franz Liszt-i

 

         Zer da ziri xingoladuna? Moraleko eta poesiako erran-nahiaren arabera, erlisioneko ikur bat, haren zerbitzariak diren jainkokia ohoratzen duten aphez eta apheztsen eskuan. Baina berez ezta ziri bat baizik, ziri huts bat, aihenetako haga, mahats zurkaitz, idor, gogor eta zuzen. Ziri horren inguruan, itzulikatze molde gabeko batzuetan, adar eta lore jostatzen dira alaiki, batzu malgu eta ihesle, batzu ezkilak edo baso aurdikiak bezala beheiti itzulirik. Eta ustegabetzen duen ospe bat jalgitzen da marra eta margo, ezti ala dirdiratu horien nahasketatik. Elukea iduri marra uztaituak eta ingurubilak agurtzen dutela marra zuzena eta hunen inguruan jantzan ari direla, adorazione ixil batean? Elukea iduri lore mulko arin horiek orok, kalitza horiek orok, usain on eta margoen jauzte nasaian, fandango miztiko bat emaiten dutela ziri zutaren inguruan? Eta zein da, bizkitartean, loreak eta mahats-aihenak ziriarendako eginak izan direla erabakitzera ausartuko den zuhurtzia gabeko hilkorra, edo ziria aihenen eta loren ederraren erakusteko estakurua baizik eztela? Ziri xingoladuna zure bikuntasun ustegabegarriaren itxura da, nagusi indardun eta ohoratua, Ederza mixteriozko eta suharraren Kantari maitea. Ehoiz etzuen Bacchus ezin garhaituak sumindu ninfa batek ziri xingoladuna bere lagun erotuen buru gainean inharrosi zure jeinua anaien bihotzetan dabilazun bezainbat gemen eta arintasunekin. Ziria zure nahia da, zuzen, bermu eta ezin khordokatua; loreak, nahi horren inguruan zure oldearen ibiltzea dira; gai emea arraren inguruan bere itzuli-jauzi loriagarrietan. Marra zuzen eta marra ingurudun, xede ’ta errankortasun, nahiaren idorra, elhearen malgua, helburu bakuna, helbide aldakorra, jeinuaren orobatze bothere guziko ezin hautsia, zein argitzalek du zure uzitzeko eta zure berexteko kuraia hastiagarria ukanen?

         Liszt maitea, lanhoen artetik, pianoek hetan zure loria kantatzen duten eta moldizkitzeak zure zuhurtzia entzunarazten duen hirien harainditik, nun ere izan ziten, hiri eternaleko ospetan ala Gambrinus-ek konsolatzen dituen herri ameslarietako lanhoetan, goxatasunezko ala bihotzmin ezin erranezko kantu asmatzen, edo paperrari zure gogamen zailenen emaiten, betiereko Atseginaren eta Antsiaren kantaria, filosofo, poeta eta edergile, agurtzen zitut hilezinean!

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007