|
Poema xipiak laxoan
XIV
Jauzkari zaharra
Jendea lanartetan ari zen orotan hedatzen, barreatzen, jostatzen. Bestaburu hetarik bat zen, ephe luze batez jauzariak, itzuli egileak, ihizi erakusleak eta saltzale ibilkariak haren aiduru baitaude, urteko ordu gaitzen ordaintzeko. Badidurit jendeak egun horietan oro ahazten duela, pena eta lana. Ttipiendako lanarteko egun bat da, eskolako hastioa da hogei-ta laur orenez gibelatua. Adinekoendako baketze bat biziko bothere gaitz egilekin antolatua, atseden arte bat orotako indarkatze ’ta guduan. Gizon mundutarrak berak eta izpirituko lanetara emanak nekez du ihes egiten jendearen bozkario horren eraginetik. Berea iresten dute, nahi gabe, axolagabeko ingurumen hortarik. Nik aldiz, egiazko Paristar bezala, eztut ordu ospedun horietan erakustera emaiten diren etxola guzier beha egoitea huts egiten. Bazegiten elgarri, egia erran, zeingehiagoka izigarri bat, tiutaka, marrumaka, orroka. Oihuzko, tuta danbazko, zirrita jauztezko nahasketa bat zen. Buztan-gorriek eta Lelek bere begitarte beltzaranak ikharatzen zituzten, haizeak, euriak eta iguzkiak zimelduak; igortzen zituzten, bere ondorioez segur diren komedialarien ozartasunarekin, atheraldi eta elhe jostagarri batzu Moliere-rena bezalako irrigarritasun azkar eta phizuarekin. Herkulesak, bere soin-adar ikaragarriez burgoi, bekokirik gabe, burhezurrik gabe, orang-utangak bezala, bazauden maiestaterekin bezperan aldi hortako ikuzi soineko motzetan. Dantzarisak, hada edo prinzesa batzu bezain eder, jauzi eta buruxkin ari ziren zaiak phindarrez betetzen zezteen argietako su-pean. Etzen guzia argi, errauts, oihu, bozkario, harramantza baizik; batzuek dirua xahutzen zuten, bertzek irabazten, batzu eta bertzeak bozkario berdinean. Haurrak dilindatzen ziren amen zaia hegaletan azukre ziri baten ukaiteko, edo aiten soigainetara igaiten jainko bat bezain lilluragarri zen gordetzale baten ikusteko. Eta orotan bazabilan, usain on guzier nagusi, besta hortako isensua bezala zen erregosi usain bat. Etxola lerroen haraindiko buruan, ahalgetua, ospe horietarik guzietarik bere burua bahitua balu bezala, ikusi nuen jauzkari gaizo bat, ukurtua, hebaindua, zargaildua, gizon ondar bat, bizkarraz bere etxolako hesola bati; salbai abretuenarena baino miseriazkoago etxola bat, eta bi ezko muturrek, khetan zariotela, ezpaitzaukoten herstura ongiegi baizik argitzen. Orotan bozkarioa, irabazia, atseginkeria; orotan biharamuneko ogiaren segurtasuna. Hemen miseria osoa, miseria jantzia, laztaren mukurruko, philda irrigarriez, hor beharrak baitzuen, antzeak baino gehiago, kontra-egina ezarria. Etzen irriz ari, miseraulea! Etzen nigarrez ari, ez jantzan ari, ez jestuka, ez oihuka; kanturik batere etzuen kantatzen, ez alairik, ez lastimagarririk, etzen othoizka ari. Ixilik zagon eta geldigeldia. Etsitua zuen, amor emana. Haren zoria egina zen. Baina zer so barnatua, ezin ahatzia, zerabilan jendetzearen eta argien gainean, horien uhain higikorra gelditzen baitzen haren miseria higungarritik zenbait urratsetan! Zintzurra senditu nuen zaineriaren esku izigarriaz tinkan, iduritu zizatan soa erori nahi eztuten nigar ezin atxikiez estalia nuela. Zer egin? Zer balio zuen dohakabeari galdegiteak zer bitxikeria, zer mira zuen erakusteko ilunbe usaindu horietan, erridau zintzilikatuaren gibelean? Egiazki, enintzan menturatzen; eta ene ahalgearen arrazoinak irri egin-arazi behar balauzu ere, hura aphal beldur nintzala aithortuko dut. Azkenean, iragaitean haren tauletarik baten gainean diru zenbaiten uztera deliberatu berria nintzan, ene xedea asmatuko zuelakoan, jendetzearen gibelatze handi batek, nik dakita zein nahasmenek egin-arazia, hartarik urrun ereman ninduenean. Itzultzean, ikuspen hori gogotik ezin utziz, ene pena bapatekoaren argitzera entseatu nintzan, eta neure baitan egin nuen: Hor ikusi dut haren jostatzale distiratua izan zen gizaldiaren ondotik bizi egona den letretako gizon zahartu baten iduria; adixkiderik gabeko poeta zaharrarena, familiarik gabe, haurrik gabe, miseriak eta jendearen eskergaitzak aphaldua, mundu ahazkorra ezpaitaiteke sar haren etxolan.
Poema xipiak laxoan |