|
Poema xipiak laxoan
(Eskaintza) Arsene Houssaye-ri[1]
Adixkide maitea, lan xipi bat igortzen dautzut, ezpaitaiteke erran bururik ez buztanik eztuela, oro, aldiz, buru eta buztan baitu, aldizka ala elgarrekin. Behazu, othoi, zein errextasun miragarriak eskaintzen dauzkun molde horrek orori, zuri, eni eta irakurleari. Motz dezakegu nahi dugun lekuan, nik ene ametseria, irakurtzaleak bere irakurtzea; ezpaitut hunen borondate gibelkaria ixtorio ezteus baten hari ezin bururatuari lotzen. Ekhenazu orno bat, eta asmakeria bihurdikatu hunen bi zatiak nekerik gabe elgarretaratuko dira. Xeha ezazu phuxka ainitzetan, eta bakoitza berex bizi daitekeela ikusiko duzu. Zati horietan batzuek zuri gustatzeko eta zure jostatzeko aski bizi ukanen dutelako ustean, suge osoaren zuri eskaintzera ausartzen niz. Egin behar dautzutan aithormen xipi bat badut. Aloysius Bertrand-en Gauazko Gaspar[2] aipatuaren horstokatzean (zutaz, nitaz et gure adixikidetarik batzuez ezaguna den liburu batek, eztitua aipatua errana izaiteko dretxo guziak?), hogeigarren aldikotz bederen, dut ukan berdintsua den zerbaiten hasteko gogoa, eta bizi modernoaren erakuspenari edo izaitekotz bizi oraiko eta gauzetarik urrunduago bati, harek lehengo bizi hain bitxiki ikusgarriari emana zaukon egin moldearen emaitea. Gutartean nor da, bere handi-nahizko egunetan, hitz laxo poetiko batez amets egin eztuena, neurkadarik eta errimarik gabe musikaduna, arimaren olde lirikoer, ametseriaren izurdurer, konzienziaren jauzier arautzeko aski malgua eta aski zaintsua? Hiri handienetan ibiltzetik, haietako harreman ezin zenbatuetarik da oroz gainetik gogamen ezin baztertu hori sortzen. Zuhaurek, adixkide maitea, eztuzua Berinaginaren oihu samina kantu batean itzuli nahi ukan, eta hitz laxo musikari batean erran oihu horrek, karrikako lanho gorenetan gaindi, azken bizitegietarano igortzen dituen aieru lastimagarriak? Baina, egiaren erraiteko, ene bekaizkeriak zorionik ekharri eztautalako beldurra badut. Lana hasia ukan nuen orduko, ohartu nintzan enindagola bakarrik ene molde emaile mixteriozko eta distiratutik urrun, baina oraino banagiela zerbait (hau zerbait izenda badaiteke) hain bereziki ezberdina, nitaz bertze edozeinek urgulu estakurutako har lezakeen nahigabea, baina barnatuki aphal baizik eztezakeena xede duenaren zuzen egitea poetaren ohore handiena dela dadukan bat. Zure adixkide on, C.B.
[1] La Presse egunkariaren buruzagia: eskaintza hau 1862ko agorrilaren 26an hartan agertu zen hogei poema xipiekin batean. (Itzultzalearen oharra). [2] Aloysius Bertrand-en liburu horren izenburua ezaguna da Ravel-ek gai beraz egin zuen pianoko musikatik. (Itzultzalearen oharra).
Poema xipiak laxoan |