Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XXIV

 

Langaiak

 

         Bazion bere baitan, parke handi bakarti batean zabilala: «Zein ederra lizateken gorteko jantzi margoz nahastekatu eta ospatsu batean, arrats eder bateko aroan, palazio bateko mail harbizizkoen jausten, soropil handi eta urtegien aitzinean! Ezen badu jitez printzesa baten itxura!»

         Berantago karrika batean iragaitean, marrazki grabatu saldegi baten aitzinean gelditu zen, eta, kartoin batean tropiketako eskualde bat bazerakusan baten edireitean, erran zuen bere baitan: «Ez! enuke haren bizi maiteaz palazio batean jabetu nahi. Ezkira etxean izanen. Bertzela ere harresi urrez ihaurtu horiek elezakete leku bat utz haren iduriaren ezartzeko; galeria ospedun horietan xoko bat ezta etxekoz etxeko egoiteko. Zinez, hor lizateke egon behar biziko ametsaz gozatzeko.»

         Eta, marrazkia begiez xeheki ikertzen zuen batean, bere baitan jarrikitzen zuen: «Itsasoaren bazterrean, zurezko etxola eder bat, izenak ahatziak dezteetan zuhatz bitxi dirdiratu horiez inguratua..., airean, usain xoragarri bat, ezin erran bat..., etxolan, arrosa eta musketa usain on azkar bat..., urrunago, gure etxalde xipiaren gibelean, uhainaldiak leriatzen dituen untzi-haga buru batzu..., gure inguruan, itzalkariek irazten duten argi gorraxtak hartua duen ganbararen haraindian, zareta frexkoz eta lore burxoragarriez aphainduaren, rokoko portuges bateko alki bakar batzu, zur phizu ilun batezko batzuekin (han atseden har bailezake hain geldi, hain ontsa aireztatua, tabako arinki lobelarreztatua pipatuz!), jobaltaren haraindian, argiaz mozkortu xorien harramantza, eta emazte xipi beltzen kalaka..., eta, gauaz, ene ametsen laguntzale izaiteko, zuhatz musikarien, filao trixten kantuaren pleinua! Bai, egiaz, hor da bada bilatzen nuen igurumena. Zer egiteko dut palazioz?»

         Eta urrunago, ibilgune handi batean hara zoala, ostatu garbixka bat aurkitu zuen, han, indiana margo orotako erridau batzuek alaitzen zuten leiho batetik beheiti so zauden bi buru irrikor. Eta berehala: «Gogoa —erran zuen bere baitan—, ibilkari gaitza ukan behar duket, joaiteko hain urrun hain hurbil dutanaren bila. Atsegina eta zoriona edireiten den lehenbiziko ostatuan dira, ustegabeko ostatuan, atsegin goxoz hain emankor denean. Su handi bat, faianzeria argi batzu, auhari bienarteko bat, arno azkar bat, eta ohe zabal-zabal bat mihise apur bat latz baina frexko batzuekin; hoberik zer?»

         Eta etxera sartzean, Zuhurtziaren aholkuak eztirelarik kanpoko biziaren burrunbez ithoak, erran zuen bere baitan: «Ukan ditut egun, ametsetarik, hirur egoitza, atsegin berdina eman baitautate. Zergatik bortxa ene soina lekuz aldatzera, arima hoin arinki bidaiatzen zautanean? Eta langaien egiteak zer balio du, langaia bera aski den atsegina denaz geroz?»

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007